Errenteriako ibaietara botatako 640 kilo hondakin jaso eta garbitu dira udaberri honetan

Errenteriako Udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen elkarlanari esker, apirilaren amaiera eta maiatzaren hasiera bitartean sei eguneko garbiketa-kanpaina egin du brigada batek Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erretenetan. Jarduera honi esker, naturagune hauetatik mota ezberdinetako 640 kilo hondakin inguru bildu dira, plastikoa batez ere. Horrela, 2016an abiaturiko ekimen publikoari jarraipena eman zaio.

Aurten, berrikuntza bezala, ibai eta erreka hauen ibilguaz gain, inguruko eremuak ere sakonki garbitu dira. Izan ere, nahiz eta ibilguan bertan hondakinik ez egon, sarritan bazterreko lursailetan dauden hainbat hondakin ibaien ibilgura iristen dira haizearen eta ur-mailaren gorabeheren eraginez.
Oiartzun Ibaiari dagokionean, Oiartzungo muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia garbitu da, Lintziringo erretena -Lartzabalgo auzotik hasita Oiartzungo mugaraino- eta Fanderiako kanala barne.

Landa eremuan ere Tolarieta, Masti eta Epentza erretenak garbitu dira. Honakoak dira garbitutako tarteak: Tolarieta baserritik Masti-Loidi industrialdera; Loidi baserritik Pontika auzora; eta Perurenatik Txikierdira.
Garbiketa kanpaina honek hiritarrak sentsibilizatzea du helburu, hondakinen kudeaketak duen garrantziaz eta gizakion jokaeraren ardura kolektibo nahiz indibidualaz. Hondakinak jatorrian murrizten eta birziklatzeko egoki bereizten ez badira, inguruko erreka eta ibaietan azalduko dira, hauek kaltetuz eta kutsatuz. Eta bukaeran, hondakinok Kantauri itsasoraino iritsiko dira.

Hondakin horiek desegiten diren neurrian, ekosistemetarako eta flora zein fauna basatietarako kaltegarriak diren konposatu kimikoak askatzen dituzte, ibilguetan eta ur-sistemen hondoetan eragiten duten kutsadura-fokuak sortuz. Plastikoaren kasuan, hegazti nahiz arrainek hartan biltzeko edota horiek irensteko aukera dute, beren bizia arriskuan jarriz.