Udalak Linoko horma-irudia gauzatzea kontratatu du

Udan zehar, Errenteriako 700. urteurreneko legatuaren parte izango den horma-irudia egingo da. Murala Idoia Beratarbide artistak sortu du eta Linoko eremuaren hiri-paisaia hobetzeko aukera ere izango da.

Zehazki, Santa Klara kaleko 5-15 zenbakiko eraikineko arkupearen fatxadan egingo da, Agirre Lehendakariaren plazara begira. Esku-hartzearen kostua 28.175,20 €+ BEZa izango da.

Horma-irudia, artearen aldetik, Idoia Beratarbide egilearen zuzendaritzapean egin behar da, eta epea 5 astekoa da.

Horma-irudiaren inguruan

Errenteriako 700. urteurreneko legatuaren parte izango da. Artelanaren aurkezpenean Beratarbidek azaldu zuen espazio publiko bateko eraikina sormenez betetzeko enkargua jaso eta abiapuntua zein izango zen hausnatzarakoan, ezinbestean, memoria historikoari erreparatu ziola eta, nola ez, “Fábrica de Lino”ri. Lino herriko imajinarioan oso presente dagoen hitza da, espazio honetaz mintzatzean.

“Puntu horretan, paperean marraztutako lehen zirriborroek berehala erakutsi zidaten lanaren ardatza: Errenteriako emakumeei buruz hitz egingo zuen murala izango zen” – adierazi zuen artistak. Baita ere kontatu zuen lihoarekin haria egiten zela, eta irudi horrek lagundu ziola lana aurrera ateratzen.

“Muralak Errenteriako emakumeen historia garaikidea jarraitzen du, lihozko hariak gidaturik. Eskuek garai ezberdineko emakumeak, gertaera historikoak, lotuko dituzte eta, amaieran, eskuz esku eraikitako bide honek gaur egungo emakumeengan eta haurrengan izan duen eragina islatzen saiatu naiz”.
Linon esku-hartzea udan egingo da, eguraldi ona egin behar duelako eta Ikastola itxita egongo delako. 700. urteurrenaren arrastoa hiri-paisaian uzteaz gain, ingurua estetikoki hobetzeko aukera izango da.

Proiektua bai bizilagunekin eta bai Orereta Ikastolarekin adostuta dago.

Idoia Beratarbide

Idoia Beratarbide oiartzuar artista oparoa da, Errenteriarekin lotura duena. Aurretik herriko proiektuetan aritua da, hala nola, ‘Koldo’ zein ‘Errenteriako emakumeen aztaznak: narrazioak’ liburuak ilustratu ditu -azken hori Allende Arnaizekin batera-, eta Asteme, Katuko eta Oilarqueen pertsonaiak diseinatu ditu, Jose Mari Carrerek sortutako istoriotik abiatuta.