Ikasturteari amaiera emateko hainbat jarduera antolatu ditu Emakumeen Etxeak

Errenteriako Emakumeen Etxeak hainbat jarduera antolatu ditu ikasturteari amaiera emateko.

Alde batetik, ekainaren 24an ‘Emakume: zein da zure pentsioa? Hilean 600 eurokin bizi daiteke?’ hitzaldia antolatu da, Oneka Euskal Herriko Emakumeen Pentsionisten plataformarekin elkarlanean. Hitzordua 18:00etan izango da, Emakumeen Etxean. Bertan emakumeek beren lan-ibilbidean zehar hartzen dituzten erabakiek pentsioetan duten eragina aztertuko da eta, besteak beste, pentsioetan dagoen genero-arrakala azalduko da. Azken zatian solasaldi bat izango da. Hizlariak Mertxe Méndez eta Nekane Berriotxoa plataformaren kideak izango dira.

Edukiera kontrolatzeko, aurretik izena eman beharko da 943 449 630 zenbakira deituz edo emakumeenetxea@errenteria.eus helbide elektronikora idatziz.

Bestetik, uztailaren 1ean ‘Florecica’ dokuforuma antolatu da, 19,00tan, Niessen Kulturgunean.

Dokumental honetan Josefina Lambertok bere bizitzaren nondik norakoak kontatzen dizkigu lehen pertsonan. Bere aitaren eta ahizparen bahiketa, erailketa eta bortxaketatik hasita bere bizitzan zehar izandako arazo eta penuria guztietak pasatuz.

Oso hurbileko testigantza honen bidez, pasatako minak, beldurrak, frustrazioak eta dezepzioez gain, bere indarra erakusten digu egiaren bidean izan duen borrokaren bidez eta aurrera segitzeko asmoez.

Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal dira dokumentalaren zuzendariak, Segunsurja Filmsen sortzaileak eta ‘Nidos Desnudos-Kabi biluziak’, ‘Valentina-Ausartatxo Klown’, ‘25:37:16’ zein ‘InsurgenZia’ bezalako lanen egileak.

Emanaldia doakoa izango da eta, kasu honetan, gonbidapenak beharko dira aforoa kontrolatu ahal izateko. Gonbidapenak Emakumeen Etxean, (astelehenean eta ostiralean 9:00etatik 13:00etara eta asteartean, asteazkenean eta ostegunean 16:00etatik 20:00etara) edo Lekuona Fabrikako harrera bulegoan (astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) eskuratu ahalko dira; edo sarrerak.errenteria.eus webgunean.

Azkenik, gogorarazi dute oraindik ere plaza libreak daudela bi jarduera hauetan parte hartzeko:

Neska gazteen txokoaren hirugarren tailerra: ‘Zer da ederra izatea?’
Tailerra euskaraz izango da, ekainaren 26an, 10:00etatik 14:00etara, eta 16 eta 25 urte bitarteko neskei zuzenduta dago.

Errenteriako Memoria Feministaren Murala diseinatzeko tailerra
Ekainak 29an, edukiari buruzko ideiak proposatzeko, eta uztailaren 6an, muralaren zirriborroa adosteko, izango dira tailerrak, 18:00etatik 20:00etara.

Bi kasuetan, izena emateko 943 449 630 zenbakira deitu edo emakumeenetxea@errenteria.eus helbide elektronikora idatz daiteke.