Zurezko jostailu didaktikoak diseinatu eta ekoizten dituen Kromosoma tailerra Artisau Auzora iritsi da

Biziberritze ekonomikoaren Bidean | Hiri antolamendua | Merkataritza 2021-06-22 | 0

  • Aste honetan zehar ate irekien jardunaldiak eskainiko dituzte proiektua ezagutzeko

Kromosoma tailerrak ateak ireki zituen atzo Artisau Auzoan, Erdiko kaleko 13. zenbakian.

Kromosoma dagoeneko ibilbide luzea duen enpresa da, Eva Diaz de Isla eta Alberto Monroyk 2014. urtean sortua, tailerra dute Beraunen eta orain Artisau Auzoko lokal honetan beraien produktuak saltzeko aukera ere izango dute.

Zurezko jostailu didaktikoak diseinatzen eta ekoizten dituzte eskuz, ingurumena errespetatzen duten materialekin eginak. Haurren garapenean beraien aletxoa jarri nahi dute, bai eta haien familien garapenean ere, partekatutako jolasaren une berezi horretan parte hartuz eta psikomotrizitatea, garapen motorra, adimen bisuala, irudimena zein sormena bezalako arloak landuz. Horrez gain, kalea hainbat tailer antolatzeko edo jolasteko espazio gisa berreskuratzea dute helburu, baita jostailuen zaharberritzea ere.

Era berean, jostailuez gain, tailerrean prestatutako kaleko jolasen aukera zabala dute, interesa izan dezaketen kolektiboen eskura jartzen dituztenak: ikastetxeak, auzo-elkarteak, haur-taldeak, etab.

Horrez gain, tailer ugari eskaintzen dituzte, tarteka iragarriko dituztenak: sortu zure jostailua, sortu zure goitibera, sortu zure txontxongiloak, bizikletazko piezak birziklatzea, zuraren gaineko serigrafia,… Elkarlanerako eraikuntzak, ekitaldietako dekorazioa eta hiri-dekorazioa ere lantzen dute.

Arestian aipatu bezala, bost urte baino gehiago daramatzate artisautzan profesionalki, hainbat proiektutan ibili dira, lankidetzan Errenteriako udalarekin eta beste hainbat eragile nahiz erakunderekin: familien kontziliaziorako programa Don Boscorekin, Bisortu proiektua Emaus Taldea gizarte fundazioarekin, Emakumeen bira etapako lankidetza Errenterian, Errenteriako Udaleko Gizarte Zerbitzuekin “Ateak zabalduz” programan partaidetza, Errenteriako Gurutze Gorriarekin hainbat kolaborazio, Tknikako erakusketan parte hartzea, Eskulanak Laguntasuna erretiratuen elkartean, besteak beste. Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteko kide aktiboak ere badira eta Gipuzkoan artisautza azokak antolatzen ere ibili dira.

Osasun-egoera dela eta, aste osoan zehar ate irekien jardunaldiak egingo dituzte interesa duen pertsona ororentzat. Bisitariek Kromosomaren proiektua bertatik bertara ezagutu ahal izango dute, espazioa ezagutzeaz gain. 15 minutuko bisitak izango dira.

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 10:30etik 13:30era. Hitzordua hartu behar da aldez aurretik honako helbide honetara idatziz: info@kromosomatailerra.com
Proiektuaren inguruko informazio gehiago, hemen: kromosomatailerra.com

Artisau Auzoa

Errenteriako Udalak Artisau Auzoa egitasmoaren baitan hirigune historikoan zaharberritu duen bigarren lokala da hau, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

Artisau Auzoa herriko ekonomia suspertzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Horrela, Artisau Auzoa eta Bizi Errenteria ekimenek bat egiten dute herriko merkataritza eta jarduera ekonomikoa suspertzeko ahaleginetan. Halaber, hirigune historikoa birgaitzea du helburu ekimen honek, bertan dauden lokalak zaharberritu eta erabilera berri bat emanez. Artisautza, sormena eta tokiko merkataritza suspertzea bultzatu nahi du. Esperientzia pilotu gisa, kulturarekin, artisautzarekin eta sormenarekin lotutako jarduerak bertan garatzeko aukerak ahalbidetzen dira, artisautzari lotutako nortasun bereziaz hornitzeko.

No comments yet.

Utzi erantzuna