Udan ere izango da kulturaz gozatzeko aukera

Antzerkia, dantza, zirku garaikidea eta zinema. Lau disziplina hauek euren onena erakutsiko dute Errenteriako kaleetan udan zehar. Guztira 13 emanaldi programatu ditu Udalak, Oz Zinema Elkartearen lankidetzarekin, herriko auzo ezberdinetan: Fanderian, Beraunen, Galtzarabordan, Gaztañon, Pontikan eta Kaputxinoetan. Xehetasun guztiak Iker Tolosa Kultura teknikariak azaldu ditu, gaur, hilak 24, prentsa aurrean.

Hasteko, eta arte eszenikoei dagokionez, euskal ekoizpenaren aldeko apostua egin dutela esan du Tolosak eta hala, Euskal Herriko txoko ezberdinetako konpainien azken sorkuntza lanez gozatzeko aukera izango dela.

Berdinki Zirkus taldearen ‘Mikra’ ikuskizunak emango dio hasiera programazioari. Larunbatean izango da hori, hilak 26, Cristobal Gamon ikastetxeko (HH/LH) patioan. Zirkuaren balio komunikatzaile eta eraldatzailean sinistuz sortutako pieza honek hainbat sari jaso du azken asteotan.

Pontikako frontoian, hilaren 10ean izango da hurrengo hitzordua. Bertan, Organik Dantza taldeak Santurtziko emakume sardina-saltzaileak omentzen dituen ‘Sardina Freskue’ pieza eskainiko du dantza, antzerkia, umorea eta baita sardina usaina ere uztartuz.

Astrolabium Teatroak ‘Butterfly Effect’ ikuskizuna ekarriko du Gaztañoko frontoian uztailaren 31n. Historian gertatutako momentu konkretu batzuk hautatu eta horietan gizabanako bakoitzaren keinu bakarrak izan dezakeen eragina azalduko dute bi feriantek oholtza gainean.

Aderdi politiko bateko hautagai baten beldur eszenikoa aitzakia hartuta, Trapu Zaharra taldeak ‘Por hacer un favor…’ antzezlana emango du Miguel Irastorza futbito zelaian abuztuaren 14an.

Amaitzeko, hilaren 28an, zirkuak, dantzak, hitzak eta musikak bat egingo dute Fanderiako futbol 7 zelaian Rouge Elea konpainiaren ‘Hemen gaude, dena ongi!’ ikuskizunean.

Ikuskizun guztiak 19:30ean izango dira.

Zinema kalean

Herriko auzoak ere zinema areto bihurtuko ditu udako programazioak. Lehendabiziko emanaldia uztailaren 2an izango da: François Ozonk zinemagile frantziarrak zuzendutako ‘Verano del 85’ filmak Pontikako frontoia hartuko du.

Uztailaren 9an, fantasia eta abentura Fanderiako futbol 7 zelaira iritsiko dira ‘Jumanji. Siguiente nivel’ filmarekin. Hurrengo astean, hilaren 16an, superheroiak protagonista dituen ‘Aves de presa’ izango da Pontikako frontoian. Hilabeteko azken saioa, uztailaren 30ean izango da Beraungo Pablo Sorozabal plazan: ‘Yesterday’ komediazko film musikala.

Abuztuaren 6an Oscar Saria jasota duen ‘Chihiroren bidaia’ animaziozko filma ikusteko aukera izango da Cristobal Gamon ikastetxeko (HH/LH) patioan. Hilaren 13an, David Perez Sañudoren ‘Ane’ filma emango dute Miguel Irastorza futbito zelaian; 20an, ‘La caza’ Cristobal Gamon ikastetxeko (HH/LH) patioan; eta azken saioa abuztuaren 28an izango da: ‘Akelarre’ Pontikako frontoian.

Zinema saio guztiak 22:00etan izango dira.

Amaitzeko, kultura tenikariak adierazi du ikuskizun guztiak segurtasuna eta osasuna bermatuko duten neurriei jarraituz gauzatuko direla eta hala, pertsonen arteko distantziak bermatu ahal izateko, ikusleak eserita egongo dira aforo mugatuak izango dituzten eremuetan.

Halaber, emanaldi guztiak doakoak izango direla jakinarazi du Tolosak, baina beharrezkoa izango dela aldez aurretik gonbidapena eskuratzea sarrerak.errenteria.eus webgunean edo Lekuona Fabrikan. Gonbidapenak saioa programatuta dagoen aste berean jarriko dira eskuragarri, astelehenetan, eta pertsona bakoitzak 4 gonbidapen eskuratu ahalko ditu gehienez.

Informazio guztia kultura.errenteria.eus webgunean egongo da ikusgai.