Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala

52 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, trans eta trabestiak poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBIQ+ pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Stonewalleko gertakarien ondoren, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna, hain juxtu. Testuinguru hau probesten da, eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko, eskubide berberak dituen jende askearen gizartea izan gaitezen, sexu-desioaren orientazioagatik edo genero-identitateagatik, bereizkeriarik gabe.

Urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Etxealdi egoerak LGTBIQ+ pertsonen aurkako diskriminazio-maila handiagoak ekarri zituen, haien eskubideak bermatu beharrean, urratuak izanik.

Pandemiak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Orain, osasun-krisitik ateratzen ari garenean, “normaltasun” desiragarrira itzultzearen diskurtsoak gailentzen ari dira: normaltasun horrek, ordena sozialean mendeko egoeran daudenentzat, bazterretan daudenentzat, baztertuta bizitzen jarraitzea esan nahi du, beren eskubideez gozatu gabe edo dituztenak galduaz.

Krisi-une honetan, inoiz baino gehiago konprometitu behar gara, adierazpen hutsalak baztertuz. Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBIQ+ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Politika eraldatzaileak, baliabideez hornitutakoak, bermatu behar ditugu Errenteriako LGTBIQ+ pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzuteko: krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte-eredurantz trantsitatzeko aukera emango diguten politika emantzipatzaileak, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko.

Urtero bezala, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBIQ+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina, garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen duten honetan.

Era berean, Errenteriako Udalak LGTBIQ+ pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu.

Horregatik, Errenteriako Udala konprometitzen da:

1) 2019an burutu zen “ErreferenteEkin” Errenteriako LGTBIQ+ biztanleriaren errealitateen diagnostikoan identifikatu ziren proposamenetatik abiatuta, Errenteriara egokitutako plan estrategikoa osatzera, sexu eta genero aniztasuna politika publikoetatik nola garatu definituko duen ekintza-plana sortuz, partaidetza prozesu baten bidez.

2) Errenteriako LGTBI mahaiarekin elkarrekintzan jardutera.

3) LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean Udalaren protokolo propioa sortzera eta abian jartzera.

4) LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatu nahian, ekainaren 28an Udaletxeko balkoian ortzadarraren ikurriña jartzera, egun osoz.

5) LGTBIQ+ mugimenduak egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzera eta herritarrak deialdi hauetara gonbidatzera.