Uda honetan, igo San Marko gotorlekura Tren Berdean!

Errenteriako Udalak uztailaren 1etik aurrera Tren Berdea zerbitzua martxan jarriko du San Marko Gotorlekura igotzeko. Zerbitzua doakoa izango da eta uztaila eta abuztuan zehar, ostegunero, igotzeko aukera eskainiko du. Irteerak orduro izango dira Tulle kaleko autobus geltokitik.

San Marko Gotorlekua bisitatzea beti da plan bikaina. Naturan erabat murgilduta dagoen eraikuntza da eta, bere kokapen ezinhobeari esker, euskal kostaldeko behatoki zoragarria da, bertatik Kontxako, Pasaiako eta Txingudiko badiak ikus baitaitezke, besteak beste.

Lubanarroko zubia gurutzatu eta bere horma sendoek barrualdean ezkutatzen dituzten sekretuak ezagutzeak beti sortzen du zirrara. Beheko obrako museoan, gainera, garaiko soldadu eta kainoen erreplikak ikus daitezke, gotorlekuaren jardueraz gehiago ikasteko, bisita librean zein doako bisita gidatu batekin.

Aurtengo udan plan hau are eta bikainagoa izango da. Izan ere, Errenteriako hirigunean San Marko gotorlekura igotzeko Tren Berdea hartu ahal izango baita. Tulle kaleko autobus geltokian izango du geltoki nagusia, eta Beraun kaleko 15. zenbaki parean beste geldialdi bat egin ostean, herriko kale eta eraikinak atzean utzi eta Errenteriako landa eta natura eremuan murgilduko da trena..

Zerbitzua uztaileko eta abuztuko ostegunetan eskainiko da eta lau irteera-txanda egingo ditu trenak joan-etorria egiteko, 10:00etan, 11:00etan, 12:00tan eta 13:00ean aterako da Tulle kaletik. Ordu erdiko bidaia egin ondoren, itzulera 10:30ean, 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean izango da San Markon. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango txanda hartzea.

Egunean joan-etorri bakarra egin daiteke eta adin txikiko guztiak arduradun batekin joan behar dute (gehienez 6 adin txikiko pertsona heldu bakoitzeko).

San Markotik zertxobait urruntzen bagara ere badago itzulerarako garraio publikoa erabiltzeko aukera. Izan ere, U7 autobus-lineak orduro lotzen du Errenteriako hirigunea Zamalbide eta Perurenarekin.

Informazio gehiago:

San Marko Gotorlekuko Informazio Puntua

943 449 638

Errenteriako Turismo Bulegoa

943 494 521

turismoa@errenteria.eus