EHUren Uda Ikastaroen baitan, Errenteria izango da ikastaro baten kokagune, Tokiko gobernantza eredua birpentsatzeko gonbitea luzatuz

Errenteriako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroek, elkarlanean, antolaturiko Covid ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioaren erronkak izeneko ikastaroa hartuko du Errenteriako Lekuona Fabrikak irailaren 9 eta 10ean. Ikastaro honen helburua hirukoitza da; batetik, antolatzaileek proposatzen dute udalgintza publiko-komunitarioaren inguruko teoria-mailako ekarpenak ezagutzea. Bestetik, bilatzen dute covid testuinguruko politika publikoen praktika zehatzak partekatzea; eta, azkenik, covid ondorengo tokiko politiken erronken inguruan gogoetarako tartea irekiko dute.

Ikastaroa tokiko administrazioan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago oro-har, eta bereziki udalgintza alorreko profesionalei, kargu publikoei eta gai hauekin zerikusia duten diziplinetako ikasleei.

Covid-19ak azkarturiko hausnarketa

Covid19ak, politika publikoak egiteko testuingurua aldatu du eta esplizituago egin ditu edo azkartu egin ditu gizarte-mailan ditugun hainbat erronka: digitalizazioa, osasun eta zaintza-sistemen hauskortasuna, aldaketa klimatikoa… Bestalde, Udalek, gertuko Instituzio gisa, herritarren ongizatea bermatzeko jokatzen duten paperaren inguruko kontzientzia indartu du, praktika berriei bidea irekiz.

Azken urteetan Errenteriako Udalak eta beste hainbat tokiko entitatek gobernantza publiko-komunitarioa deitu izan den gobernantza-eredua garatu dute. Udalgintza edo munizipalismo publiko-komunitarioaren oinarrietan garatutako tokiko politikek hainbat ezaugarri dituzte, bai prozesu-ikuspegitik, baita emaitzaren aldetik ere. Covid19aren testuinguruak, molde berriekin bada ere, udalgintza publiko-komunitarioan sakontzeko aukera eskaini digu.

Aipaturiko erronkei eta horiei erantzuteko moduen inguruan gogoetatzeko 20tik gora hizlarik hartuko du parte ponente gisara ikastaroan. Mahai-inguru ezberdinetan banatuta, gobernantzari buruz zein esparru sektorialen politika publikoen inguruan mintzatuko dira hizlariak.

Pentsamendurako abagunea EHUrekin elkarlanean, lehen aldiz

Lehen aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena, tamaina honetako ikastaro bat herrian bertan jasoz. Zentzu horretan, Udalak balorean jarri nahi du Unibertsitate Publikoarekin jorratutako bidea eta elkarlana.

Ikastaroak pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenterian, eguneroko praktikaren zurrunbiloari pausatzeko abagunea eskainiz. Izan ere, lankidetzarako eta herriaren garapenerako hainbat espazio eta proiektu martxan ditugun honetan (tartean HAPOaren prozesua edo Lekuona Kultur Fabrika), gogoetarako espazio honek gure prozesu propioak elikatzeko aukera eskainiko digu, gure jarduna hobetzekoa.

Izen-ematea

Programa osoa ikusi ahal izango da https://www.uik.eus/eu/covid-19-ondorengo-tokiko-gobernantza-publiko-komunitarioaren-erronkak webgunean. Eta bertan egin ahal izango da matrikulazioaren tramitea. Irekita dago dagoeneko.

Matrikula prezioa EHUren gainontzeko ikastaroetako bera izango da Errenteriarrak ez diren pertsonentzat. Aldiz, Errenterian erroldatutako herritarrentzat doakoa izango da izen-ematea.

• Errenterian erroldatutakoak: 0€

• Matrikula orokorra: 77€

• Matrikula murriztu orokorra: 65€

• Matrikula exentzioa: 54€

• ELKAR txarteldunak: 65€

• Euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetako kideak: 65€

Ikastaroa presentzialki edo online formatuan parte hartzeko aukera egongo da.

EHUren Uda Ikastaroen erronketan, gobernantza

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetako arduradunek ere uste dute garaia dela egungo kudeaketa-ereduak birpentsatzeko zein birdefinitzeko, eta erakunde eraginkor eta demokratikoagoak eraikitzeko. Gobernuaren eta gizartearen artean oreka osasungarria ezarri beharra dago, hiritarrei aukerak sortu eta arazoak konpontzeko.

Hori dela eta , hainbat gairen inguru eztabaida sortu nahi dute, esaterako, Konstituzioa eraldatzeko dauden mugen eta erronken gainean; administrazioa herritarrei gerturatzeko moduei buruz, edo pertsonen benetako parte-hartzea ahalbidetuko duen garapen komunitarioa lortzeko gakoez.

Hain zuzen ere, Errenterian garatuko den ikastaroak bete-betean jorratuko ditu azkeneko bi gaiak, eraldaketaren bidean hausnarketa egitea ezinbestekoa delako.
Ikastaroen egoitza nagusia Donostiako Miramar Jauregia bada ere, ikastaro ibiltariak dira, eta Ibiltaria programaren helburuetako bat ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea da, eztabaidak sortzen diren lekuetan aztertzeko gai bakoitza.