Konpostajeko informazio-postua ostegunean eta ostiralean jarriko du Udalak

Joan den astean eguraldiarengatik bertan behera geratu ziren informazio-postuak aste honetan itzuliko dira. Herritarrak etxeko biohondakinak konpostatzera animatzeaz gain, konposta nola egiten den, nola erabili daitekeen, zer nolako tresnak behar diren eta beste hamaika zalantza argitzeko gune ibiltaria ondorengo datetan ezarriko du Udalak:

  • Fanderian, uztailaren 1an
  • Alabergan, uztailaren 2an

Postuak 11:00 – 13:00 bitartean egongo dira zabalik eta, bertan, konpostajeko bi teknikari izango dira hurbiltzen diren herritarrei azalpenak emateko.

Biohondakinen konpostajea

Etxeko hondakin organikoak kudeatzeko hiru aukera dituzte Errenteriako biztanleek: kaleko edukiontzi marroian uztea, norberak etxean konpostatzea edo auzokonposta gunea erabiltzea. Modalitate bakoitzak, gainera, hondakinen zergatan hobaria du:

  1. Etxeko konposta eta auzokonpostak: % 35
  2. Kaleko edukiontzi marroiak: % 27

Urtetik urtera konposta egiten duten familien kopuruak gora egiten du eta, ondorioz, gehiago da hirian bertan autokudeatzen den biohondakin kopurua, hondakinen kudeaketak suposatzen dituen Berotegi Efektuko Gasak ere murriztuz, klima aldaketa prebenitzen lagunduz.

Udalak herritarrak beren hondakin organikoak konpostatzera animatzen ditu, ingurumenari laguntzeaz batera, poltsikoan ere gauzak ondo egitearen eragina sumatuko baitute.