Errenteriak Etorkizuna eraikiz-en kapsula hartu du gaur

Etorkizuna Eraikiz Kapsula ibiltariak Errenterian egin du gaur geldialdia. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak lurraldearen etorkizunari buruzko hausnartu eta konprometitzera bultzatu nahi ditu. Itziar Ostolaza alkateordeak harrera egin die kapsulari eta Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuari.

Azken egunetan Arrasate, Irun, Beasain, Eibar eta Zarautzen egon da, eta datozen egunetan Tolosa eta Donostia bisitatuko ditu. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.
Kapsula Errenteriako Foruen Plazan instalatu da, eta egun guztian zehar egongo da bertan. “Etorkizunaz pentsaraztera eramango gaituen benetako kapsula da, denboraren kapsula balitz bezala”, esan du Mendozak, herritar guztiei zuzenduta dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bisitaria kapsulara sartzean Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. Hauetatik, Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. “Honek, egungo gipuzkoarrek garrantzia zeri ematen dioten erakutsiko digu, egungo gipuzkoarren kezka eta nahiak zeintzuk diren, alegia”, esan du Mendozak.
Behin lehen urratsa emanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizunari nola erantzuten dion kontatzen du kapsulak. Hau da, modu laburrean, Etorkizuna Eraikiz zer den eta zertan ari den aurkezten zaio, esaterako erreferentziazko zentroen bitartez etorkizuneko gaiei eta herritarren kezkei nola erantzuten ari den erakutsiz. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaie eta, gero, inprimatu eta bakoitzak bere etxera eramateko aukera dute, kapsula txiki batean gordeta.