Udako programazioa prestatu du Jai Batzordeak ‘Hau bizipoza’ lelopean

Kultura 2021-07-05 | 0


Jai Batzordeak eta Udalak Madalenak bertan behera uztea erabaki zuten iaz; erabaki zaila izan zen. Urte beteko etena luzatu egin da zoritxarrez. Hala azaldu zuten ostiralean, hilak 2, Jai Batzordeko kideek Aizpea Otaegi alkatearekin eta udalbatzako bozeramaleekin batera.

“Guztiok maite ditugu Madalenak, baina bizi izan dugun eta oraindik bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, osasun publikoaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsi behar dugu. Topaketa sozial jendetsuak saihesten jarraitu behar dugu”, adierazi zuten.

Hala ere, eta “egoera nahi baino gehiago luzatzen ari denez”, kultura sustatzen jarraitzeko eta kulturaz gozatzeko aukera eskaintzeko apustua egin nahi izan dutela jakinarazi zuten eta uda honetarako programazioa aurkeztu nahi izan diote herriari: “Herri bizia eta dinamikoa garelako eta gure komunitatea ospatzea elkar zaintzeko zereginaren parte dela pentsatzen dugulako”.

Horregatik, lanean jarraitu dute eta hainbat ekimen landu dituzte ilusioz  ‘Hau bizipoza! /¡Que viva la vida!’ lelopean iazko ekimenari jarraipena emanez: alde batetik Madalenetako egunetan, hots, uztailaren 21etik 25era, sentimenduei lekua egin nahi izan diete ekintza sinboliko batzuen bidez.  Bestetik, uztaila eta abuztuan zehar, herriko auzo ezberdinetara eramango dituzte euren ikuskizun eta jarduerak. Guztiaren berri emateko herribizia.errenteria.eus/haubizipoza2021 web orria sortu dutela ere azaldu zuten. Ekimen guztiak doakoak izango dira eta gobidapenak gaurtik aurrera (12:00) eskuratu ahal izango dira Lekuona Fabrikan  eta sarrerak.errenteria.eus helbidean.

Amaitzeko, Jai Batzordearen izaerak bizirik eta indartsu jarraitzen duela azpimarratu nahi izan zuten: “Garai honetan ospakizunak halabeharrez xume egin behar ditugu eta jarduteko modua aldatu bada ere, argi dugu ez dela inola ere aldatu zer garen, zer egiten dugun eta zer sentitzen dugun. Aurten ezingo ditugu Madalenak ospatu baina datorren urtean guztiok jaiez gozatuko dugu berriz ere; aurtengoan jarrai dezagun jarrera arduratsuaz jokatzen eta elkar zainduz”.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna