15. Koldo Mitxelena Ikerketa Beka esleitu dute

Joan den martxoaren 5ean bildu zen Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren 15. edizioa esleitzeko epaimahaia. Bigarren aldiz Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntza izan du beka antolatzeko.

Oraingo honetan, 2020. urtean gure hiribildua eratu zeneko 700. urteurrena betetzean, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenari keinu bat eginez, aurkeztutako lanek arkitekturarekin edo hirigintzarekin zerikusia izan behar zuten eta euskara hutsean egin behar ziren.

Zortzi lan aurkeztu ziren, eta Itsaso Larramendik (zuzendaria), Ane Abarrateguik eta Maddi Texeirok osatutako ikerketa-taldeari esleitu zitzaion beka, “Eguneroko bizitza eta harreman komunitarien garapena. Errenteriako industralizazio garaiko etxebizitza auzoetan “.

Epaimahaia Iñaki Queralt artxiboko eta argitalpenetako zinegotziak eta ULA Iruretagoiena, Saioa Zuazubiskarrek eta Jone Miner Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) kideek osatu zuten, eta Leonor Garcia artxiboko udal-teknikaria izan zen idazkaria.

Zenbateko ekonomikoaren gehikuntzak bere horretan jarraituko du, 15.000 eurokoa baita, eta behin betiko lana aurkezteko gehieneko epea 18 hilabetekoa izango da.

Era berean, abenduaren 1ean, urtero Euskararen Egunaren bueltan antolatzen diren ekintzen artean, Bilduma aldizkariaren azken alea aurkeztuko da. Aurten 14. edizioko irabazlearen lana, “Zeinek esango zigun… Errenteriako helduen alfabetatze-euskalduntze prozesua 1960-1980 hamarkaden artean bizi zutenen diskurtsoen azterketatik” argitaratuko da. Egilea Beatriz Gallego Muñoz da.

Amaitzeko, udal ondarea eta gure gertueneko memoria areagotzeko asmoz, dei egiten zaie garai hartako argazkiak edo materiala eta alfabetatzearen munduarekin zerikusia duten pertsonei (gau eskolak, eta abar) udal artxibora hurbil daitezen. Material hori digitalizatu eta jabeei itzuliko zaizkie. Dohaintzak ere onartzen dira.