‘Argiak, kamera, MODA!’ erakusketa, uda honetan Jantziaren Zentroan ikusgai

‘Argiak, kamera, MODA!’ izena darama Jantziaren Zentroak udarako duen eskaintza berriak. Film zehatz baterako sortu eta modaren historian betirako geratu diren hamar jantziren inguruan antolatu da erakusketa berria.

Emakumezko hamar jantziren erreprodukzioak egin dira, besteak beste: ‘Haizeak eramana’, ‘Ozeko aztia’, ‘Gilda’ edo ‘Pretty Woman’.

Jantziaren ondoan honen inguruko informazioa; sortu zuen diseinatzailearen izena, egindako lana, aktorearen zein filmaketaren bitxikeriak, eta filmaren kartela.

Hamar jantzietatik hiruk irabazi zuten jantzi onenaren Oscar saria. ‘Oporrak Erroman’ (1953), ‘My Fair lady’ (1964) eta ‘Titanic’ (1997).

Jantziaren Zentroak gure memorian gordetako jantzi horiek guztiak Kapitain-Etxean kokatutako alfonbra gorrira ekarri ditu, irailaren amaiera arte luzatuko den erakusketa berezian.

Ezezagun diren diseinatzaile horiek zeintzuk ziren, zinema munduan egindako lana, sortutako jantziak eta modaren historian izan zuten eragina zabaltzea da erakusketaren helburua.

Horren guztiaren berri emateko irailean larunbata gauetan bisita gidatu bereziak eskainiko dira Jantziaren Zentroan.

Erakusketa doan ikus daiteke Kapitain-etxearen sarrerako solairuan, larunbatetan goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, igande eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Ikuslea alfonbra gorriko izar

Zinema izarren jantziak ikusteaz gain, Jantziaren Zentroak bisitariari alfonbra gorriko partaide izateko proposamena eskaintzen dio erakusketan.

Jantzi dotorea soinean duen maniki bati gure besoak eta aurpegia jarrita zinema izar bihurtuko gara segundo gutxitan. Argazkiak atera eta irudi horiek sare sozialetan gure lagunekin partekatzeko gonbitea egiten dio bisitariari Jantziaren Zentroak.

Ilunabarrean bisita gidatuak

Uda honetan bigarren urtez larunbat ilunabarretan bisita gidatuak eskainiko ditu Jantziaren Zentroak. Iaz estreinakoz egin zen eskaintzak arrakasta izan zuen, asko izan ziren lekurik gabe geratu ziren herritarrak, horregatik, aurten berriro Kapitain-etxeak larunbata gauetan ateak zabalduko ditu.

Bisita gidatuak uztailaren 10 eta 24 eta abuztuaren 7 eta 21ean egingo dira.

luntzeko 20.00tan, euskaraz, eta 21.00 zein 22.00tan, gazteleraz. Ordu t’erdiko bisita gidatu berezia da Jantziaren Zentroko bi solairuetako erakusketa iraunkorra ezagutzeko. Modaren historian barrena gauez bidaia egiteko proposamena 5 euroren truke.

Parte hartu nahi izanez gero, aurrez izena eman behar da. Errenteriako turismo bulegora deituta 943 49 45 21 edo jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita.