Oarso 2021 aldizkariaren aurkezpen irekia egingo dute datorren ostiralean

Argazkia: Iazko aurkezpena
  • Aurkezpen honetara joateko gonbidapenak uztailaren 15era arte eska daitezke posta elektronikoz artxiboa@errenteria.eus helbidera idatziz edo 943 449610 telefonora deituz

Uztailaren 16an, ostirala, 18:30ean, Merkatuzarreko José Luis Caso aretoan (sarrera plazatik) Oarso aldizkariaren bigarren garaiko 56. zenbakiaren aurkezpena egingo da. Uztailaren 17tik aurrera, larunbatetik aurrera, salgai egongo da herriko liburu-denda eta kioskoetan eta gainerako puntu laguntzaileetan:

Erdigunea: Alamedako kioskoa, Bitxi kolore, Bixen kioskoa, Etxenike loteria-denda, Hostoak kopia-denda, Maitexa estankoa, Mirentxu liburudenda, Morrongileta kioskoa, Josemi kioskoa, Xenpelar kioskoa, Xenpelar kultur denda, Zumardi kioskoa, Txusti.

Fanderia: Marian liburudenda

Iztieta: Razquin estankoa, Urtzi Kioskoa

Olibet: Rojas liburudenda

Beraun: Beraun estankoa.

Udala: ZU zerbitzuan.

700 ale argitaratu dira eta 7 eurotan salduko dira, aurreko urteetako prezioari eutsiz. Horretaz gain, doan irakurri/deskargatu ahal izango da udalaren webgunean.

Duela 90 urtetik hona eta ia etengabe, aldizkariak bete egin du errenteriarren bizitza kulturala islatzeko hasierako asmoa, herritarren idatzizko adierazpenak bere orrialdeen artean hartuz eta ezagutza hori komunitate osoari zabalduz.

Egin duen ibilbide luzea dela-eta, herriaren historia kontsultatzeko ezinbesteko tresna bibliografikoa da.

Bestalde, Berdintasun Kontseiluak antolatutako Mariasun Landa bezalako literatur sariak eta Ereintza Elkarteak antolatutako “Errenteria Hiria” ipuin lehiaketa zabaltzeko bide gisa ere balio izan du eta hala izaten jarraitzen du.

Aurtengo zenbakiak ia 400 orrialde eta 50 kolaborazio biltzen ditu, zein baino zein interesgarriagoa.

Gai historikoen artean aipatzekoak dira, besteak beste, hiribilduaren historian mugarri teknologikoei buruz egindako ekarpenak, hala nola Joakin Bengoetxearen ontzigintza (Jesus Salvador Galeoia) edo Miguel Angel Barcenillaren ehungintza (Jacquard oihalak). Halaber, Interesgarria da Jasokundeko Andre Mariaren elizaren lehen argazkia, 1857koa, Josean Ruiz de Azuaren ikerketa-lanari esker berreskuratua.

Aldizkariak, ohikoa den bezala, gure herrian arrastoa utzi duten edo utzi zuten errenteriarrei buruzko artikuluak biltzen ditu, hala nola Rosario Retegui Brusín, Bigarren Errepublikako kulturaren aitzindari gisa (Maite Ruiz de Azuak egina), Iñaki Goñi kantaria (Jon Etxabek gogorarazi diguna) edo Juan José Durán, udal-asiloaren kapilaua (Rafa Olaizolaren eskutik), Marixabel Valverde (Sorne Matxiñenak egina) emakume langile eta migratzaile gisa, Oscar Hernández-Campano idazle gisa, Manuel Quesada kirolari gisa, eta abar.

Emakumeak lan-munduan duen rolari egindako aitortzaren isla dira Axun Ertzibengoak Marina Rubio autobus-gidariari buruz egindako lana eta Koldo Ordozgoitik Doro Juaneneari eta ostalaritzako aparteko lankideen gainean egindakoa.

Aurten memoria historikoari buruzko atal tematikoa estreinatu da: bi artikuluk gure herriko kulturan eta politikan arrastoa utzi zuten bi errenteriarren biografiak gogorarazten dizkigute: Josean Arbelaitz (Iñigo Imazek egina ) eta Sabin Lasa (Mikel Zabaletaren eskutik).

Gertueneko historiari dagokionez, hainbat lekukotasunek gogora ekarriko dizkigute aurten kintoak ospatu behar zituztenen abenturak (Itziar Navarroren eskutik) zein Alamedako ikastetxean bizitako pasadizoak (Josetxo Oliveriren eskutik).

Ezin dugu ahaztu Los Xey musika taldearen agurraren 60. urteurrena (Javier Olaskoagak gogorarazi diguna) edo Iraultza Dantza Taldearen sorreraren eta Agustinetako auzo elkartearen 50. urteurrena. Ezta Emakumeen Etxeak bere bi urteetan egindako jarduerak ere.

Hori guztia eta idatzi gehiago aurki daitezke Oarsoren ale berri honetan. Portada Lekuona Fabrikari buruzkoa da, eta kontrazalak gogorarazten digu udaletxean dagoen postontziak ehun urte baino gehiago dituela, 1910eko argazkiak erakusten duen bezala.

Aurkezpenean Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta aurtengo kolaboratzaileak izango dira.

Aurkezpen honetara joateko gonbidapenak uztailaren 15era arte (egun hori barne) eska daitezke posta elektronikoz artxiboa@errenteria.eus helbidera idatziz edo 943 449610 telefonora deituz (astelehenetik ostegunera, 08:30etik 13:30era).