Udako abentura berriak gozatzeko aukera izango da Listorretan

Urtero legez, Aiako Harria natura-parkean kokatutako Listorretako aisiagunea ezagutzera emateko eta balioztatzeko hainbat jarduera berezi antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sareak, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.

Jardueretan parte hartzeko nahitaezkoa da aurrez izena ematea 943 495 069 eta 688 895 068 telefono zenbakietara deituz edo arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera idatziz. Esan gabe doa, saio guztietan COVID-19arekin lotuta indarrean dauden prebentzio neurriak jarraituko dira.

Egitaraua

  • Uztailak 23 (ostirala): lehen saio honetan Igeldoko Arrano etxean sendatutako zapelatz bat eta urubi bat askatuko dira ilunabarreko 21:00etan, Gipuzkoako basozainen eskutik. Aurretik, bi hegazti hauen bizimodu zein ohituren, eta Arrano Etxean egiten den lanari buruzko azalpenak interesgarriak emango dira. Era berean, hegaztiekin argazkiak ateratzeko aukera izango da. Saioa euskaraz izango da.
  • Uztailak 24 eta abuztuak 7a (larunbatak): goizeko 10:30etik aurrera, Baso bainua deituriko saio berezia egingo da, Amaia Agote adituaren eskutik. Japonian sortutako Shinrin-Yoku jardueran oinarritua dago; han, herritarren estres-maila murrizteko diseinatutako osasun-programa nazional baten barneratua dago. Baso-bainua naturarekin bat egiteko praktika salutogenikoa da, zentzumenak basoaren atmosferara irekiz, ingurunearekiko lotura emozionala sustatzea helburu duena. Parte-hartzaileen ongizatea hobetzea, estresa arintzea eta atsedena sustatzea ditu helburu. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
  • Uztailak 30 (ostirala): ilunabarreko 21:00etan, saguzarren mundu harrigarria hurbiletik ezagutzeko aukera izango da Ane Caro adituaren eskutik. Oinarrizko azalpenak emateaz gain, detektagailu berezi batzuk erabiliz, hauek entzuteko aukera izango da eta, ingurunea adi behatuz gero, ikusteko ere. Saguzarrak, gure inguruan bizi diren ugaztun hegalari ezezagunak dira; saio honen bitartez, ingurunean daukaten garrantzi ekologikoaz ohartzeko aukera izango da. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
  • Abuztuak 14 (larunbata): “Iparra galdu gabe” orientazio-jolasa antolatuko da familientzat. Pista jolasaren bitartez, ingurunea behatzeko ohitura hartuko dute, ondo pasatzen duten bitartean.