Musika Bandak Felix Zabaleta omenduko du San Inazioko kontzertuan

Kultura 2021-07-29 | 0
  • Kontzertua larunbatean izango da, 22:30ean, Koldo Mitxelena Ikastetxeko patioan

Errenteriako Musika Banda zuzeneko formatura itzuliko da larunbatean San Inazioko kontzertuan. Hitzordua 22:30ean izango da, Koldo Mitxelena Ikastetxeko patioan, eta aldez aurretik iristea gomendatzen dute, betetzea espero baita. Alain Ayerdi Gurpegi izango da zuzendari artistikoa.

Kontzertu horetan bere musikaririk maiteenetako bat omenduko du Musika Bandak, Felix Zabaleta, iaz hil zena, eta Bandak ezin izan zuena behar bezala agurtu.

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteko kideek adierazi dutenez, “San Inazioko Kontzertuari dagokionez, kontzertu honek azken edizioetan izan duen ikusleen batez bestekoa 800 ikusletik gorakoa izan da. Beraz, denboraldiko kontzertu garrantzitsuenetakoa bilakatu da. Baina aurtengo edizioan, egungo egoerak edukiera murriztera garamatza. Hala eta guztiz ere, iruditzen zitzaigun San Inaziokoa bezalako kontzertu herrikoia ezin genuela aurrez aurre eskaintzeari utzi bigarren urtez jarraian; beraz, zailtasun guztiei aurre egitea erabaki genuen, eta herritarrei aukera eman gure Errenteriako Musika Banda berriz ere zuzenean gozatzeko”.

San Inazioko kontzertua euskal musikagileen musikaren erreferente izango da aurten ere, besteak beste Angel Brizek egindako partituraren berrikuspenean “A Igarondo” pieza enblematikoa sendotuz.

No comments yet.

Utzi erantzuna