Udalak bukatutzat eman du Fanderiako oinezkoen segurtasuna hobetzeko proiektuari buruzko kontsulta eta ekarpenen fasea, eta obren exekuzioa kontratatuko du

Udalak proiektuari buruzko informazioa eman eta ekarpenak egiteko kontsulta-aldi bat ireki ostean, horietako batzuk aztertu eta integratu ondoren, obren gauzatzea lizitatuko du.

Maiatzaren amaieran, Udalak proiektu formarekin aurkeztu zuen 2019-2023 Legegintzaldiko Planak jasotzen zuen konpromisoa, ibilgailuen trafikoa berrantolatzekoa, Fanderiako oinezkoen joan-etorrietan segurtasun handiagoa eskaintzeko.

Ingeniaritza batek eta udal-zerbitzu teknikoek egindako proiektu hori ekainean postontzietan banatu zen auzoko etxe guztietan, eta, besteak beste, hobekuntza garrantzitsu hauek proposatu ziren egungo egoerari dagokionez:

  •  Oinezkoen segurtasuna hobetzea.
  •  Auzoko trafiko orokorra % 30 baino gehiago murriztea.
  •  Ibilgailuen kanpoko trafikoa % 61 murriztea.
  •  Ilara bikoitzak kentzea.

Informazio-fasea amaituta, kontsulta-fase bat ireki zen hilabetez, ekarpenak egin ahal izateko.

Fase honetan hainbat ekarpen eta iritzi jaso dira, bai alderdi politikoenak, bai Fanderiako Auzo Elkartearenak eta baita auzotar talde batenak ere.

Horiek aztertu ondoren, hirugarren azalpen-fasean, erronda bat egin da prozesuan parte hartzen duten eragileekin, proiektuan sartu diren proposamenak azaltzeko eta partekatzeko. Besteak beste:

  • 30 eta 10 km/h-ko eremuak horizontalki eta bertikalki seinaleztatzea
  • Aparkalekuak antolatzea, ibilgailu luzeek linean aparkatu dezaten eta espaloien balizko inbasioa murriztu dadin
  • Abiadura murrizteko neurriak Touring ibilbidean
  • Ispiluak jartzea garajeen irteeran, Fanderia pasealekuaren eta Erramun Astibiako sarreraren artean, ikuspena hobetzeko.
  • 15 metro arteko eskola-autobusek bihurguneetan birak egiteko aukera.

Prozesu hori amaituta, hurrengo urratsa proiektuaren obrak lizitatzea da. Proiektu horrek, kontratatutako ingeniaritza-taldeak eta udal-teknikariek egiaztatzen duten bezala, auzoko oinezkoen segurtasuna hobetuko du.