Errenteriako Udalak dei egiten du Aiako Harria PNean eta Lau Haizeta parkean bizikleta arduraz erabiltzeko, eta indarrean dagoen araudia betearaziko du

Aiako Harria PN eta KBEren, Natura 2000 Sarean babestua, eta Lau Haizeta Parkearen Antolaketa-Planak 1995ean eta 1999 onartu ziren, hurrenez hurren.

Arau horiek arautzen dituzte eremu babestuetan burutu daitezkeen erabilerak eta jarduerak: azpiegiturak, ehiza, arrantza, basogintza, abeltzaintza, ibilgailu motordunak, mendian ibiltzea, mendiko bizikleta…

Era berean, azken urteetan handitu egin da Errenteriako habitat naturalen eta ingurune naturaleko flora eta fauna espezie basatien gaineko gizakien presioa, are gehiago COVID-19aren pandemiarekin. Azpimarratzekoa da mendiko bizikletaren (BTT) erabilerak izan duen gorakada.

Bioaniztasunaren kontserbazioarekin bateraezinak diren erabilerek eragindako hainbat arazo bere garaian desagerrarazi ziren: baso mozketak, ezkutuko ehiza, lur orotako ibilgailuak, quadak, motoak,…

Horrela, BTT kirol-jardueraren arrakastak eragin du gure espazio natural babestuetan ibilgailu horien zirkulazioa nabarmen handitzea, baita erabilera okerrak eta arau-urraketak ere: legez kontrako BTT ibilbide berriak sortzea, kontrolik gabe jarduten diren enpresa turistikoak, abiadura handian ibiltzea oinezkoen segurtasunari eta erosotasunari eraginda, zirkulatzea mendian barrena eta mendizaleentzat diren mendi-ibilbide eta -bideetan,… Horren guztiaren ondorioz, ikaragarri handitu dira erosio-prozesuak, zoruen galera eta Añarbe, Sanmarko eta Txoritokietako basoen eta beste habitaten gaineko inpaktuak.

Horregatik, Parke Naturalaren zuzendaritzak eta Parke Naturalaren jabe diren udalek gai honetan esku hartu dute eta egungo arazoaren diagnostiko bat egingo dute, arazoa desagerrarazteko neurriak hartuko eta aurreikusitako zehapen-araubidea aplikatuko.

Azkenik, mendiko txirrindaren erabileran arduraz jokatzeko deia egin du Udalak, pistaz kanpo edo mendian zehar eta baso eta erreketan ibiltzea saihestuz, natur ondarearen gaineko kalteak gutxitzeko, gure naturagune babestuetako basa bizitzaren zaintzan lagunduz.