Irailarekin abiatuko da BIZI Errenteria erosketa bonuen hirugarren kanpaina

  • Bonuak Errenteriako etxeetan jasoko dira eta irailaren 6tik abenduaren 3ra izango dira erabilgarri. Bakoitzarekin, 10 € edo gehiagoko erosketan 5 €ko hobaria eskuratuko da.

  • Gazteen artean herrian erosteko ohitura sustatze aldera, bonu gehigarriak jasoko dituzte 18 eta 35 urte arteko gazteek.

  • Udalak ia milioi erdi euro bideratu ditu kanpaina honetara.

  • Aurreko bi bonu kanpainetan 350 establezimendu baino gehiagotan erabili ahal izan ziren bonuak, eta kopuru hori handitze aldera, Udalak dei egin die orain arte atxiki ez ziren establezimenduei egin dezaten.

Errenteriako Udalak, COVID-19ren ondorio ekonomikoei aurre egiteko sortu zuen Talka eta Suspertze Planaren baitan eta BIZI Errenteria programaren barruan, Erosketa Bonuen bi Kanpaina burutu ditu orain arte; aurreko bi kanpainen arrakasta eta garrantzia aintzat hartuta, orain, berriz, 3. Kanpaina abiatzera doa. Hain zuzen ere, kanpaina honetan 2021eko irailaren 6tik abenduaren 3ra eskuratu ahal izango dira ondasunak eta zerbitzuak.
Bonuen onuradunak 2 motatakoak dira: batetik, etxebizitza bakoitzeko biztanle guztiak, eta, bestetik, 18 eta 35 urte bitarteko gazteak; gazteei bonu gehigarriak bidaltzearen arrazoia da eurak direla etorkizuneko erosleak eta, horregatik, bereziki sustatu nahi da herrian eros dezaten ohitura. Aurreko kanpainetan bezalaxe, Errenteriako etxe guztietara dagozkion bonuak bideratuko dira, posta arruntez.
Udalak 468.000€ bideratu ditu herriaren eta herritarren suspertze ekonomiko zein soziala bultzatzea helburu duen kanpaina honetara.
Erosketa Bonuen 3. Kanpainak aurreko kanpainaren bi ezaugarri nagusiak mantenduko ditu
Bonuen erabilera sustatzeko asmotan, hirugarren kanpaina honetan aurreko kanpainaren bi berrikuntza mantenduko dira:
1. Mota bakoitzeko onuradunei 4 bonu bidaliko zaizkie; hau da, 4 bonu etxebizitza bakoitzera eta 4 bonu 18 eta 35 urte bitarteko gazte bakoitzari.
2. Bonu bakoitzarekin 10 €ko edo gehiagoko erosketatan 5€ko hobaria eskuratuko da.
Bonuak batera eragil daitezke, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren %50a gainditu.
Bonuak erabili ahalko dira BIZI Errenteria programara atxiki diren merkataritza, zerbitzu zein ostalaritza eztablezimenduetan eta zuzenean publikoari saltzeko baimena edo parekoa duten nekazaritzako erregimen bereziko jardueratan. Erosketa bonuen aurreko bi kanpainetan 354 establezimendutan erabili ahal izan ziren bonuak. Kopuru hori handitze aldera, Udalak dei egiten die orain arte atxiki ez direnei egin dezaten, ekimenaren eraginkortasuna areagotzeko garrantzitsua baita ahalik eta herriko eragile ekonomiko gehienen parte-hartzea.
Atxikitzeko, nahikoa da bizi.errenteria.eus web orrian dagoen formularioa bete eta bidaltzea. Bestalde, aurreko bi kanpainarako BIZI Errenteria programara atxiki ziren establezimenduek ez dute tramiterik egin beharko orain bonuak jaso ahal izateko.
Bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda bizi.errenteria.eus webgunean dago eta, gainera, herritarrek atxikitako lokal gisa identifika ditzaten, establezimenduek BIZI Errenteria ikurra izango dute ikusgai.
Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, Udalak eskuragarri jarri ditu 010 eta 943 44 96 00 telefonoak eta 3. kanpaina honen berri emango da, halaber, bizi.errenteria.eus web-orrian eta Udalaren sare sozialetan.