Produktu ekologikoak ezagutu eta erosteko aukera izango da larunbatean Gamon Zumardian

Irailaren 11ean, larunbata, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren VII. Azoka ospatuko da Gamon Zumardian. Errenteriako Udala, Behemendi Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Biolur Elkarteak antolatutako azoka honetan, Euskal Herriko baserrietako elikagai ekologiko desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da goizeko 10:00etatik14:00ak arte.

Euskal Herriko leku desberdinetako ekoizleak egongo dira azokan eta, modu berean, produktu anitz topatuko dugu hauen postuetan. Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: era ekologikoan ekoiztutakoak eta modu artisauan landutakoak direla. Honek zer esan nahi du? Modu laburrean azalduta, natura, animalia eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztuta izan direla. Alegia, bere ekoizpen prozesuan ez da produktu kimiko edo toxikorik erabiltzen, eta eraldaketa transgenikorik gabe sortutako ekoizpenak dira.

Abantailak asko direla aipatu beharra dago. Oraina bizi dugun bitartean etorkizuna zaintzen ari garenetik hasita. Horrelako ekoizpen ekologikoak gure osasunaz gain ingurumena zaintzen dituelako modu iraunkor eta jasangarri batean.

Azoketan ematen den salmentari esker kontsumitzaileak informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo baitira produktu horiek sortu dituzten nekazariak. Edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea dela esan dezakegu.

Gainera, Biolur Elkarteko postua ere bertan izango da, informazio eskaintza zabalarekin: sortutako material didaktikoa, etxeko eta baserriko landare edo abereak zaintzeko liburu interesgarriak, … eta elkarrekin lan egiteko aukera ere nola izan azalduko dute.

Errenteriako VII. Nekazaritza Ekologikoaren azokan ondorengo ekoizleak izango dira:

  • Lurraren Orena (Errenteria): Barazkiak
  • Luz Juanmartiñena (Azkoien): Olioa
  • Mireia Segura (Zumaia): Arropa
  • Nelly Coceres (Zestoa): Barazkiak
  • Gatz Museoa (Leintz Gatzaga): Gatza
  • Aikur (Urretxu): Eztia
  • Aldaba Zahar (Tolosa): Ogia, gazta
  • Mendibitzu (Aretxabaleta): Ardi gazta
  • Pikunieta (Antzuola): Ardi gazta
  • Bego Villar (Hernani): Marmeladak, kontserbak
  • Doniene (Itziar): Barazkiak
  • Amaia Laskurain (Amatxo gaztak) (Antzuola): Gaztak (Ardia eta behia)
  • Haristizabal (Itsaso): Barazkiak
  • Beltzitina (Anuncita) (Araba): Marmeladak
  • Zituene (Errenteria): Pasta
  • BIOLUR (Gipuzkoa): Informazioa

Azken urteetan Biolur Elkarteak udako azoka bereziak antolatzeari ekin dio. Herri desberdinetako udal, landa garapenerako elkarte eta Foru Aldundiarekin elkarlanean hainbat azoka antolatzen dira, baserritarrak kontsumitzailearengana hurbiltze aldera. Aurten, iazko dinamikari jarraituaz, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren VII. Azoka antolatu da, eta azoka hau urtero antolatzen diren udako azoken zirkuituan egonkortu da. Horren adibide ditugu Zumaia, Donostia, Getxo-Algorta, Zerain, Aretxabaleta, Eibar, Leintz-Gatzaga eta Amasa-Villabonan egiten diren azokak.

Aurten ere COVID-19ri egokitutako protokoloa ezarri du Biolurrek bere antolaketa barruko azoketan. Hala ere, Udalak azokara hurbilduko den pertsonei ohikoak bihurtu diren neurriak eta gomendioak kontutan hartzeko eskatzen die: musukoaren erabilera, jende arteko distantzia errespetatzea eta eskuak sarritan garbitzea.