Agertoki berriak Atlantikaldiaren zortzigarren edizioan

Kultura 2021-09-08 | 0


• Jaialdia irailaren 23tik 26ra ospatuko da. Ikuskizun eta
jadueretarako gonbidapenak irailaren 17tik aurrera eskuratu ahal
izango dira.
• Iparrorratzak lelopean, Atlantikaldiaren edizio berria hiru espazio
eszenikotan lehorreratuko da.
• Aforo mugak direla-eta, ikuskizun eta jardueretan parte hartzeko
beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea.

Errenteriako kultur egutegian errotutako hitzordua da, jada, Atlantikaldia.
Zortzigarren edizio honetan, kultur topagune eta musika jaialdiak bere
onena emango du, hilaren 23tik 26ra, pandemia egoera ezartzen dituen
baldintzetara egokituta bigarren urtez. Hala adierazi dute gaur goizean
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak,
Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako
Aldundiko Kultura zuzendariak eta Joseba Tapia musikariak prentsa
aurrean.

“Atlantikaldiak badu nortasun bat, egiteko modu bat. Pandemia egoeran
nortasun horren alderik indartsuena erakutsi behar izan dugu eta egoera baliatu
dugu jaialdiaren arima herriko beste txoko batzuetara eramateko”, hitz hauekin
eman dio hasiera Aizpea Otaegik prentsaurrekoari eta, gaineratu du, aurten ere
osasun publikoa babesteko neurri guztiak kontu handiz zainduko dituztela. Iparrotzarrak lelopean egituratu dute edizio berria: “Atlantikaldiak kulturen
arteko elkarbizitza helburu izan du bere sorreratik eta hori da gure jomuga.

Haatik, bizi garen garaiotan ez dago norabide eta joera bakar bat; bidegurutzez
betetako mundu aldakor batean gaude. Elkarbizitza hori gerta dadin bide eta
aukera ezberdinak eskaini nahi ditugu jaialdiaren programazioarekin”, azaldu du alkateak.

Hala, errenteriar guztiak gonbidatu ditu 4 eguneko jaialdiaz gozatzera eta
eskerrak eman nahi izan dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdiarekin aurrera egiteko eskaini duen babesagatik.

Hiru gune nagusi

Jaialdiaren guneen inguran hitz egin du Maite Gartzia zinegotziak ondoren.
“Errenteriako txoko ezberdinak zipristinduko ditu Atlantikaldiak. Herriak
eskaintzen dizkigun aukerak baliatu ditugu eta leku berrietara iritsiko gara,
Lekuona Fabrikara, Fanderiako tenis pistara eta Migel Irastorza futbito zelaira”,
azaldu du.

Kultura zinegotziak, gainera, azpimarratu du espazio bakoitzak bere nortasun
propioa izango duela, gai ezberdinak jorratuko dituela eta publiko desberdinei
zuzenduta egongo dela.

Hala, Lekuona Fabrika berria izango da aurtengo ‘Itsasargi nagusia’, jaialdiaren
oholtza handia. Artista handien kontzertuak gertatuko dira bertan eta baita
Atlantikaldiaren zigilu bilakatu diren ‘Itsas elkarrizketak’ ere: nazioarteko eta
bertako artisten arteko kolaborazioak.

Fanderiako tenis pista, berriz, ‘Herrixka’ izango da: familientzako gunea. Bertan
dantzarekin, musikarekin, kirolarekin eskulanekin… lotutako jarduerak izango
dira. Eta Migel Irastorza futbito zelaia, ‘Kalekaia’, arte urbanora bideratutako
espazioa izango da. Musika kontzertuek, dantza tailerrek eta mural handi batek
osatuko dute ostiral eta larunbateko programazioa.

Hiru gune horiez gain, Oiartzun ibaiak ere hainbat jarduera hartuko ditu. Ibaia
jaialdia egituratu izan duen elementua da eta, aurten ere, hainbat modalitatetan
nabigatzeko aukera izango da: itsasontzi tradizionalak, bisita gidatuak eta stand
up paddle.

“Gune bakoitzari egokitzen zaion egitaraua sortu dugu, haren nortasuna
indartzen duena eta erakargarriagoa egiten duena”, amaitu du Gartziak.

Musika letra larriz

Musika programazioaren gaineko xehetasunak Iker Tolosa jaialdiaren
zuzendariak eman ditu. Musikari handiekin osatu dute kartela eta artisten
aukeraketan aniztasuna bilatu dutela esan du Tolosak.

Oum marokiarrak Alos Quartet taldearekin kolaborazioarekin emango duen
kontzertua izango da Lekuona Fabrikako oholtzak hartuko duen lehena.
Ondoren iritsiko dira besteak: Sharon Shannon irlandarrak Joseba Tapiarekin
eskainiko du kontzertua; Venezuela, Kolonbia, Brasil eta Estatu Batuetako lau
emakumek osatzen duten Ladama taldearen emanaldia osatzera Olatz
Salvador etorriko da; Mali eta Frantziako Arat Kilo & Mamani Keita
Madmuaselekin ariko dira; eta jatorri argentinarra eta kolonbiarra duen Che
Sudaka taldea Zuriñe Hidalgorekin. Arima Soul taldea ere izango da bertan.

Migel Irastorzan Dupla, Ibil Bedi, J Martina, Chill Mafia, Antía Muiño, Blanquita
Carraquela, DJ Flaca eta Gitano de Palo izango dira, besteak beste. Fanderian
aldiz, Ene Kantak, Albosax edo Mugan taldeen doinuak izango dira entzungai.
Interesdunek egitarauaren xehetasun guztiak atlantikaldia.errenteria.eus web
orrian aurki ditzakete dagoeneko.

Ikuskizun eta jardueretarako gonbidapenak
Covid-19 birusak eragindako egoera dela eta, segurtasuna bermatzeko osasun
neurri bereziak aintzat hartzen dituen protokoloa diseinatu behar izan du
antolakuntza taldeak aurten ere. “Aforo mugak direla-eta, ikuskizun eta jarduera
guztietan parte hartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea”,
adierazi du jaialdiaren zuzendariak.

Gonbidapenak eskuratzeko bi kanal aktibatuko dituzte irailaren 17tik 22ra:
modu presentzialean Lekuona Fabrikan (astelehenetik ostiralera 09:00-20:00
eta larunbatetan 9:00-14:30) eta internet bidez, atlantikaldia.errenteria.eus
jaialdiaren webgunean.

Halaber, ikuskizun edo jarduera bakoitzeko gonbidapenen parte bat egunean
bertan eskuratu ahal izango da ekintza garatuko den tokian bertan, hasi baino
30 minutu lehenago.

Horrez gain, gonbidapenen erabilera arduratsua egitearen garrantzia
nabarmendu nahi izan du Tolosak. “Aforoa mugatua den heinean, garrantzitsua
da aulkiak hutsik ez geratzea, erabili gabeko gonbidapenik ez geratzea. Izan
ere, sarrera doakoa den arren, jaialdia bera ez baita doan”.

Jaialdiaren irudia
Azken urteetako bideari jarraiki, jaialdiaren irudia elkarlan baten emaitza da.
Ane Pikaza (Bilbo, Euskal Herria) eta Jaime Zuverza (Texas, AEB) aritu dira
sorkuntza lanean eskuz esku. Estilo guztiz ezberdina duten artistak dira biak
eta ‘Iparrorratzak’ leloa’ abiapuntu moduan hartuta ustekabeko emaitza ontzea
lortu dute: erakargarri a eta, batez ere, bakarra.

No comments yet.

Utzi erantzuna