Bigarren eskuko bizikleten merkatuan izena emateko epea zabalik da

Irailaren 17an, ostiralarekin, bigarren eskuko bizikleten azoka antolatu du Errenteriako Udalak Gamon zumardian. Arratsaldeko 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa eta aurrekoek izan duten arrakasta mantentzea aurreikusten dute antolatzaileek. Covid-19aren izurritea dela eta, osasun publikoaren prebentziorako neurri bereziak hartuko dira, guztiontzat jarduera ziurra izan dadin.

Gordailu-zerbitzua, egunean bertan, 15:00etatik 16:30era egongo da zabalik. Aurten bizikletak eta patineteak bakarrik hartuko dira; norberak saldu nahi duena eraman beharko du eta antolakuntza-taldeari utzi. Horretarako, aurrez izena ematea nahitaezkoa da 943670249 telefonora deituz. Modu honetan hitzorduak antolatuko dira, azoka egunean sortu daitezkeen itxarote-ilarak saihesteko. Ez da onartuko 500 € baino prezio garestiagorik.

Doako gordailu-sistema bidezko salerosketa pertsona guztien eskura ipiniko da. Gordailu zerbitzuan antolakuntzako kideak arduratuko dira objektuen zainketaz eta salmentaz, saldutakoaren artikuluen dirua bueltatuz eta, saldu ez direnak, egun berean jabeei itzuliz. Azoka aukera paregabea da herritarrek behar dituzten bizikletak/patineteak prezio ezin hobean eskuratzeko.

Uneoro azoka-gunearen aforoa zainduko da. Nahitaezkoa izango da musukoa eramatea eta osasun-prebentzioarekin lotutako bestelako neurriak ere hartuko dira, hala nola: salgai jartzen diren bizikletak/patineteak desinfektatu egingo dira salgai jarri aurretik, izena emateko orriak aurrez bidaliko dira e-mailez, etab.

Ekimen hau, urtero antolatzen den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteko egitarauan kokatzen da eta, aldi berean, bat dator Udalak 2015az geroztik garatzen ari den Hondakinen Prebentzio Planeko helburuekin.

Oharra: parte hartzeko adin nagusikoa izan behar da eta datuak utzi (NAN eta telefonoa).