Euskara ikasteko ateak zabalik Errenteriako euskaltegietan

2021-2022 ikasturtean ere eskaintza zabal eta anitza izango dute Errenteriako euskaltegiek, euskara ikasteko gogoz dagoen herritar ororentzat irisgarri izango dena.

Euskararen irakaskuntzan sakondu eta urratsak ematea funtsezkoa da euskararen biziraupena bermatu eta Errenteria euskalduna erdiesteko.

Udalaren iritziz euskara kohesio sozialerako ezinbesteko tresna da, herritar orok eskuragarri beharko lukeena. Hori bermatzeko, aurten ere, hobari eta dirulaguntza eskaintza zabala izango da.

Udal Euskaltegia:

Datorren irailaren 23 arte matrikula zabalik da. Ikasturte honetan osasun neurriak hartzen jarraituko badute ere, pixkanaka normaltasunera itzultzea espero dute. Iaz, erabilera bultzatzeko ekintzak, egitasmoak burutzea zaila egin zen bete beharreko neurriak zirela eta; ikasturte honetan, aldiz, ikasleak ikasgelatik kanpo ere euskaraz egin dezaten tailerrak, kanpo ekintzak, emanaldiak eta abar antolatuko dituzte.

Eskolei dagokienez, hau da euskaltegian duten eskaintza: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailako tituluak lortzeko ikastaroak. Astean 20, 15, 10 edo 5 orduz. Eskolak goizean, eguerdian eta arratsaldean izango dira. Autoikasketa egiteko aukera ere badago.

Langabetuek ala lanbide arteko gutxiengo soldata baino gutxiago kobratzen dutenek matrikula doan izango dute, gurasoek %50 ordainduko dute eta bestelako hobariak ere badira.

Izena emateko azken eguna irailaren 23a izango da.

Bulegoa zabalik: 9:00etatik 18:30era.

Izena emateko:

943 449 680 / 647 680 927 telefonoak

Emaila: euskaltegi@errenteria.eus

Mikel Zabaleta 14

Xenpelar AEK Euskaltegia

Halaber, iraila iristearekin bat, zabal-zabalik daude Errenteriako Xenpelar AEK euskaltegiko ateak. 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-kanpaina bete-betean da. Ohi bezala, eskolak urrian hasiko dira; urriaren 4an, zehazki.

2021-2022 ikasturtean ere, noski, COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-neurri guztiak hartuko dituzte, baina, era berean, euskaltegietako ohiko bizipoza eta txinparta berreskuratu nahi dute. Ikasle eta irakasleen arteko kontaktu gutxiko ikasturtea izan zen aurrekoa, eta urritik aurrera talde zabalagoak osatzea eta kanpo ekintza jendetsuagoak (txangoak, hitzaldiak, afariak…) egin ahal izatea espero dute. Are gehiago kontuan hartuta KORRIKA urtea izango dela.

Xenpelar AEKn, pertsona interesdunek ondo datorkien eskaintza aurkituko dute ikasturte berrian ere: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikastaroak, astean 6, 8 edo 20 orduz. Autoikaskuntza eta online eskolak ere eskaintzen dituzte.

Irailaren 30 arte Xenpelar AEK euskaltegian izena emateko aukera izango da.

Errenteriako Xenpelar AEK

(orereta@aek.eus; 943 340 233)

IRAILEKO ORDUTEGIA:

Goizez: 09:00-13:00

Arratsaldez: 17:00-20:00 (ostiral arratsaldetan itxita)

Ongi Etorri kanpaina

Horretaz gain, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Ongi Etorri kanpaina jarri du abian.

Ekimen honen helburua da gure herrira etorri berriei euskararen komunitatearen partaide izateko aukera ematea. Horrexegatik jatorrizko herritik Euskal Herrira bizitzera etorri direnek parte hartzeko aukera dute.

Gure hizkuntza, kultura eta ohiturak partekatzea ezinbestekoa da jatorri, errealitate eta adin guztietako partaidez osatutako benetako komunitatea osatzeko. Eta saio hauek ahalbideratzen dute hizkuntzak gerturatzen gaituelako.

Hizkuntza ezagutza lagungarri da bai seme-alaben ikas-prozesuan laguntzeko bai lan aukerak zabaltzeko.

Honen jakitun, Errenteriako Udalak laguntzak eskaintzen ditu euskara ikastera hurbiltzen direnentzat.

Herrian bi euskaltegi daude. Informazio gehiago behar duenak ondorengo bulegora dei dezake edo bertaratu irailaren 23a baino lehen:

Udal Hizkuntza Politika (Euskara)

Pablo Iglesias 3 (Merkatuzar)

Tel: 943 44 96 13

E-maila: euskara@errenteria.eus;

Ordutegia: 8:00etatik 14:00etara

Astelehenetik ostiralera