Xenpelar Tailerren eskaintza aurkeztu dute

2021-2022 ikasturterako Xenpelar Tailerrek eskainiko dituzten ikastaroak aurkeztu dituzte gaur Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak.

Ohikoa denez, helduentzako pintura, zeramika, argazkigintza, egur taila, zaharberritze eta patchwork tailerrek osatuko dute eskaintza. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, berriz, arte plastikoen tailerra antolatu dute.

Iazko ereduari jarraiki, pintura eta zeramika tailerrak hiruhileko bi ikastaroetan banatu dituzte: teknika lantzeko ikastaroak batetik (hiruihileko bakoitzean teknika ezberdin bat), eta norberaren proiektuak garatzeakoak bestetik.

Gainontzeko tailerretan ikastaroen iraupena ikasturte osokoa izango da: urriaren 11n hasi eta ekaina arte.

Izen-ematea eta matrikulazioa

Izen-emate eta matrikulazio moldeetan aldaketak iragarri dituzte. Izan ere, lehendabizikoz, izen-ematea online egin ahal izango du, hala nahiago duenak, kultura.errenteria.eus/xenpelar-tailerrak web orrian. Horretarako epea irailaren 13an hasi eta 24an amaituko da.

Modu presentzialean ere izango da izena emateko aukera. Horretarako, beharrezkoa izango da hitzordua eskatzea 943 449600 edo 010 telefono zenbakietara deituta irailaren 14 eta 21a bitarte. Hitzordua eskuratutakoan, Zu! arreta zerbitzuan egin beharko da tramitazioa.

Ikasturte berrian, tailer bakoitzean ordu edo/eta egun ezberdinetarako 3 izen-emate egin ahal izango dituzte interesdunek gehienez. Pintura eta zeramika tailerren kasuan, 3 izen-emate onartuko dituzte hiruhileko bakoitzeko.

Aukera horiek lehentasunaren arabera adierazi beharko direla ere azaldu dute.

Honez gain, interesdun guztiek plaza lortzeko aukera bera izan dezaten, esleipena zozketa bidez egingo dela jakinarazi dute, eskaera kopurua plaza kopurua baino handiagoa den ikastaroetan. Izen-emateak, beraz, ez du plaza bermatuko.

Zozketaren emaitzak irailaren 29an jakinaraziko dituzte eta emaitza horien arabera esleituko dira plazak izen-ematean adierazi diren lehentasunak errespetatuz.

Halaber, ikasle bakoitzak tailer bakoitzeko matrikula bakarra egin ahal izango duela azaldu dute. Pintura eta zeramika tailerren kasuan, aldiz, bi matrikula egin ahal izango dira hiruhileko bakoitzeko, beti ere, egun bakarreko ikastaro ezberdinak badira.

Amaitzeko, informazio guztia Xenpelar Tailerren web orrian edo 943 449635 telefono zenbakira deituta eskuratu daitekeela esan dute.