Errenteriako Emakumeen Etxeak hainbat jarduera aurkeztu ditu ikasturte berriarekin

Berdintasuna 2021-09-10 | 0

Errenteriako Emakumeen Etxeak irailaren 1ean ireki zituen berriro ateak eta ikasturte berrirako hainbat ekimen aurkeztu eta gogorarazi nahi ditu.

Irailaren 7tik aholkularitza zerbitzu guztiak martxan dira berriro, baina doikuntza batzuk egin dira egun eta ordutegietan:

– Norbanakoaren jabekuntzarako gunea, asteartetan, 16:00-18:00.

– Orientazio juridikoa, asteartetan, 18:00-20:00.

– Norberaren zaintza psikologikorako eta sexualerako gunea, ostegunetan, 17:00-19:00.

-“Berdindu” aholkularitza, ikasketak eta prestakuntza-ibilbideak homologatzeko, hileko azken asteazkenean, 16:00-18:00.

Edozein kasutan, zerbitzuak jaso ahal izateko hitzorduak aurrez eskatu beharko dira, Emakumeen Etxean (Txirrita parkea) bertan:

9:00-13:00 Astelehen eta ostiralak

16:00-20:00 Astearte, asteazken eta ostegunak

Email bidez: emakumeenetxea@errenteria.eus edo telefonoz 943 449 630.

Bestalde, ikasturte honetan hilabeteko programazioa berreskuratu nahi du Emakumeen Etxeak eta lehen hitzordua irailaren 14an izango da, 18:00etan, Aurrera egin badugu dokumentalaren emanaldiarekin.

Jaizkibel Konpainiak bultzatutako eta Julen Hernandezek zuzendutako dokumentala. Konpainiako Arantxa Urretabizkaia, Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrietak, Garbiñe Biurrun, Kattalin Miner eta Itziar Ituño elkarrizketatu dituzte. Festez, parekidetasunaz, borroka feministaz aritu dira elkarrekin.

Filmaren osteko eztabaidan Jaizkibel konpainiako Ixabel Alkainek hartuko du parte.

Gainera, irailaren 16an Eskola Feministaren 2021-2022 zortzigarren edizioari hasiera emateko jardunaldia antolatu da.

Jardunaldia 18:00etan hasiko da eta, bertan, jarduera berriak aurkezteaz gain, ‘Nosotras, las otras’ poesia dekolonial liburuaren aurkezpena eta errezitaldia egongo da.

Ekitaldian parte hartzeko izena eman beharko da Emakumeen Etxean, 943 44 96 30 telefonoan edo eskolafeminista@errenteria.eus.

Horretaz gain, urritik aurrera 5 ikastaro, 4 tailer eta 2 jabekuntza talde martxan jarriko dira:

5 ikastaro:

– Emakume aktiboak, alaitasunez eta beldurrik gabe

– Munduko emakumeen literatura

– Nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikastea

– Gorputzaren kontzientzia eta erlaxazio gunea

– Batukada feminista

4 tailer:

– Kakorratzez sareak sortzen

– Etxerako oinarrizko brikolajea

– Emakumea eta pailazoa

– Asertibitatea eta ahalduntzea

2 jabekuntza talde:

– Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea

– Emakume zaintzaileentzako topagunea

Jarduera guztien zehaztapenak Emakumeen Etxean egongo diren eskuorrietan edo udalaren webgunean.

Jarduera guztiak doakoak dira eta izena emateko epea irailaren17tik 28ra arte irekiko da, tailerren kasuan izan ezik, horien izena emateko epea tailerrak hasi baino 3 egun lehenago itxiko baitute.

Izena emateko bide hauek daude:

ZU! Zure Udala Arreta Zerbitzuan, (arratsaldetan beharrezkoa da aurretiko hitzordua eskatzea, 943 44 96 00 zenbakira deituz) edo online, udaleko webgunean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Emakumeen Etxean bertan (Txirrita Parkea, z.g) edo telefonoz (943 449 630) jasotzeko aukera egongo da, ohiko ordutegian, astelehen eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara.

Bukatzeko, aurreko ikasturteko datu positiboak azpimarratu nahi dituzte Emakumeen Etxetik. Osasun-krisia eta edukiera murriztea gorabehera, 257 emakumek eman zuten izena, eta horietatik 205ek plaza lortu zuten eskainitako ikastaroren batean edo zenbaitetan.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna