Zinema eta modaren inguruko bisita gidatuak antolatu ditu Jantziaren Zentroak

Kultura 2021-09-10 | 0

Zergatik dira gorriak ‘Oz-eko aztia’ filmean Dorothy-ren zapatak? Escarlata O¨Harak etxeko gortinekin egindako jantzia zergatik dago nahita gaizki josita? Eta ‘Pretty Woman’ eta ‘Titanic’-eko diseinatzaileek zenbateko eztabaidak izan zituzten filmetako zuzendariekin? Zein diseinatzailek sortu zituzten modaren historiarako geratu diren zinemako hamar jantzi ezagunenak?

Galdera horien guztien erantzunak, Jantziaren Zentroan daude, irailaren 11,18 edo 25erako antolatu diren bisita gidatuetan. 19:00tan euskaraz, eta 20:30 eta 22:00tan gazteleraz egingo dira. Bisita bakoitzak ordu t’erdiko iraupena dauka eta bost euroko kostua pertsonako. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da Errenteriako Turismo bulegora deituta (943 494 521) edo jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita.

‘Argiak, kamera…MODA!’ erakusketa osatzen duten hamar jantzien inguruko azalpenak ere eskainiko dituzte: ‘Haizeak eramana’, ‘Ozeko aztia’, ‘Gilda’, ‘Oporrak Erroman’, ‘Aberatsek ile horiak nahiago’, ‘Tentazioa goian bizi da’, ‘Gosaria Tiffanis-en’, ‘My Fair Lady’, ‘Pretty Woman’ eta ‘Titanic’. Baita filmetako diseinatzaileak, aktoreak, jantziak, filmaketako arazoak, zailtasunak… ere.

Jantziaren Zentroak ‘Argiak, kamera…Moda!’ erakusketarekin ezezagunak diren diseinatzaile horiei gorazarre egin nahi die. Uztailean zabaldu zen erakusketa irailaren amaiera arte doan ikus daiteke Kapitain Etxearen sarreran, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00tara, eta igandetan 12:00etartik 14:00etara.

No comments yet.

Utzi erantzuna