Errenteriako Musika Banda, Donostiako Txistulari Bandak eta Errenteriako Txistulari Bandak kontzertua eskainiko dute larunbatean

Kultura 2021-09-14 | 0

  • Kontzertua 20:00etan izango da, Lekuona Frabrikan, eta bertaratzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea.

Euskal Herriko musika talde zaharrenetako bik -Donostiako Udal Txistulari Banda eta Errenteriako Musika Banda- bat egingo dute euskal musika eta doinuaz. Joan den larunbatean Donostiako Trinitate Plazan kontzertua eskaini ostean, gurera etorriko dira aipatu bi taldeak. Errenteriako kontzertuak gainera, herriko txistulariak (Errenteriako Txistulariak) izango ditu gonbidatu. Hitzordua larunbatean izango da, 20:00etan, Lekuona Fabrikan, eta bertaratzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea https://sarrerak.errenteria.eus/ webgunean, edota Lekuona Fabrikan.

EMKEren lehendakariak, Josu Mitxelenak, kontzertu honen aukera bikoitza azpimarratu du: alde batetik, musika bandak talde eta eragile askorekin kolaboratu badu ere, oraindik ez zuelako eragilerik aktiboenetako bat den Donostiako Txistulari Bandarekin kolaboratu. Bestalde, azpimarratu du Lekuonan kontzertu hau egiteak, alde batetik, banda osoa elkartzea ahalbidetzen duela, eta, bestetik, tokiko akustika onaz baliatzeko aukera ematen duela.

Urteak dira jada, EMKEk, herriko eta inguruko hainbat elkarte eta eragilerekin harreman eta sinergia prozesua abian jarri zuela. Eta hain zuzen, Donostiako Udal Txistulariekin burututako proiektua, aipatu prozesuan kokatu behar da. Euskal musika, euskal doinuak eta euskal konpositoreen obrak medio, ibilbide luzeko bi talde harremanean jarriko dituena.

Bestalde, Maite Gartzia Kultura zinegotziak EMKE, Donostiako Txistulari Banda eta Errenteriako Txistulari Banda zoriondu ditu, bai ekimenagatik eta kontzertu hau prestatzeko egiten ari diren lan handiagatik, bai joan den larunbatean Donostian eman zuten errezitaldian lortu zuten arrakastagatik. Musika Bandak uztailean Lekuonan kontzertua eman bazuen ere, oraingoan taldea osorik egongo dela azpimarratu du.

Gaur egin den aurkezpenean, Jon Ansorena Donostiako Txistulari Bandako kideak ere aipatu du joan den astean Donostian emandako kontzertua, eta ilusioa agertu du berriro elkarlanean aritzeko eta Lekuonan parte hartzeko aukera izateko, oraindik ez baitute bertan ekitaldirik eskaintzeko aukerarik izan.

KONTZERTUA

Errenteriako Musika Bandaren zuzendariak, Alain Ayerdik, kontzertuaren programazioaren nondik norakoak azaldu ditu. Adierazi du Musika Bandak emango diola hasiera kontzertuari Antonio Peña y Goñiren Donostia pasodoblearekin; une horretatik aurrera, elkarrekin ariko dira bi taldeak.

Gabiltzan kalez kale (Pablo Sorozabal) musika lana izango da elkarrekin joko duten lehena, “guztiok kalean lasai eta seguru ibiltzeko dugun desioa adierazteko doinua”. Jarraian, eta urtero irailean bizi ohi den jai giroa gogora ekarriz, Donostian aski ezagunak diren Idiarena (bariazioekin) eta Brakaman (Raimundo Sarriegi) minuetoa eskainiko dituzte musikariek.

Euskal doinuek osatutako kontzertu-programan, Antxineko abestijak doinu suitea eta Txori kantak bals bariazioduna izango dira hurrengo piezak. Dantza giro alaian jarraituz, Bigarren kalez kale izango da kontzertuko azken aurreko doinua.

Programa amaitzeko, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen 50. urteurrena gogoraraziko duen pieza-suitea eskainiko dute bandek. Jose Mari Oiartzabal musikari andoaindarraren ekimenez (piezak aukeratu eta musika bandara moldatu ditu), lehen euskal pailazoek sortu zituzten, eta gure herrian eta kulturan txertatuta darraiten, doinuetako batzuk entzungo direla aurreratu du Oiartzabalek, esaterako: Pintto-pintto, Ttip eta Ttup edo Txirri ta Mirri ta Txiribiton.

Ekitaldia Alain Ayerdi Errenteriako Musika Bandako zuzendariak gidatuko du, eta pailazoen urteurren piezan Joxe Mari Oiartzabal izango da zuzendari gonbidatua.

No comments yet.

Utzi erantzuna