Landarbaso abesbatza indartsu itzuli da eta hainbat ekimen antolatu ditu bere 30. urteurrena ospatzeko

 

• Denboraldi berrirako antolatutako proiektu nagusiak azaldu dituzte

• Halaber, gogorarazi dute haur eta gazte abesbatzetarako matrikula zabalik dagoela

Landarbaso Abesbatzak eta bere formakuntza taldeek pandemia egoera dela eta beren jarduera ohi bezala burutu ezin izan zuten denboraldi baten ondoren, ikasturte honetan inoiz baina indar gehiagorekin dira bueltan.

Horri gehitu behar zaio aurten Landarbaso Abesbatzak 30 urte beteko dituela eta Dizdizka gazte abesbatzak eta Kontari haur abesbatzak, 5 urte. 2021-2022 denboraldi hau, beraz, talde guztientzako izango da ospakizunen denboraldia.

Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzako zuzendariak, Maddalen Dorronsoro Landarbaso Abesbatzaren formazio taldeen zuzendariak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak azken urteko abesbatzaren proiektu nagusiak azaldu dituzte, eta denboraldi berrirako aurreikusitakoak aurkeztu. Halaber, haur eta gazte abesbatzetarako matrikula zabalik dagoela gogorarazi dute.

Kontari Landarbaso

Ikasturte hasieran Kontari-Landarbasok oso proiektu berezia aurkeztuko du: azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Nazioarteko egunean, eskainiko den musikal parte-hartzailea. Eskubide horien aldarrikapena eta txikien ahotsak batuko dira bertan.

Kontzertu horretan, gainera, Eva Ugalde konpositoreak taldearentzako bere 5. urteurrena dela eta espreski idatzitako obra estreinatuko da.

Tailer, zuzendari gonbidatu eta etengabeko ikaskuntza ikasturte bizia izango da, aurrerago xehetasun gehiagorekin azalduko den nazio mailako bidaia berezi batekin amaituko dena.

Landarbasoko Dizdizka

Landarbasoko gazte abesbatzak Frantzian eta Katalunian zehar egindako bira bereziaren ondoren hasiko du bere 5. urteurrenaren ikasturtea. Arrakasta handiko kontzertuak eskaini zituen abesbatzak eta denboraldi berrian lehen konpromisoa azaroaren 21ean eskainiko duen “Dizdizka eta lagunak” kontzertua izango du. Kontzertu horrek gonbidatu bereziak izango ditu, herriko kultura eragileak zein artista gonbidatuak.

Letoniako Laura Jekabsone konpositoreak taldearen dela eta bereziki idatzitako obra bat ere estreinatuko du, eta 2022ko lehen hiruhilerako abesbatza gazteen topaketa bat antolatzen ari da. Gainera, tailerra prestatzen ari da nazio-mailako ospea duten gazte-abesbatzen zuzendari batekin, talde eta abesbatza gisa ikasten eta aberasten jarraitzeko.

Prestakuntza integrala

Txikienei dagokienez, barruan duten artista ateratzen jarraitzeko aukera izango dute Landarbaso Abesbatzaren musika tailerrean. Badira dagoeneko 4 urte 6-8 urte bitarteko neska-mutilek askotariko arlo artistikoak jorratzen dituztela modu ludikoan ahotsa ardatz hartuta. Abestuz, dantzatuz, antzeztuz eta perkusio txikiko instrumentuak joaz hasten dute beren musika ibilbidea.

Hori guztia Landarbaso Doinuak hezkuntza eskaintzaren parte da, ikasturte honetan berriro bere abeslarien formakuntza integralaren aldeko apustua egin duena. Lehengo ikasturtean Musik Trainingeko (musika hizkuntza dinamikoko) saioak aldizka gelditu behar izan baziren ere txikienentzat, ikasturte honetan ahots teknika koraleko eta musika hizkuntzako saioak bueltan dira talde horientzat.

Landarbaso Abesbatza

Landarbaso Abesbatzak pasa den ikasturtea Costa Blancan egindako bira arrakastatsuarekin bukatu zuen.

Era berean, abuztuan parte hartzen duen ikuskizun berria estreinatu zuen abesbatzak Kanbon: HITZEZ HITZ. Hitzaren garrantziaz ari den eta Landarbasoko kideek sortutako gidoia duen ikuskizun hau hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herri desberdinetan eskainiko da. Hona orain arte lotutako datak: urriaren 30ean, Maulen, urtarrilaren 22an, Hendaian, eta otsailaren 12, Donapaleun.

Aurreko denboraldia Donostiako Musika Hamabostaldiko “Musika Aitzaki” zikloaren barruan Agurainen eskainitako emanaldiarekin amaitu zuen abesbatzak. Bertan estreinatu zen Iker Gonzalez konpositoreak espreski egun hartarako idatzitako “Agur Jaunak” obraren moldaketa txistu, organo eta abesbatzarentzat. Entzuleek zutik eskertu zuten abesbatzak eskaini zuen zailtasun handiko programa, kontzertuko arrakasta antolakuntzara iritsi eta honek abesbatza zoriontzera iristeraino.

Joan den sasoian izandako beste proiektu handienetako batek, Xabier Leteren omenez egindako “Hesia Urraturik” oratorioak, larunbat honetan bertan izango du amaiera. Izan ere, orduan izango da laister argitaratuko den diskarako azken grabaketa eguna.

“Landarbaso Abesbatzak kalitatezko proiektuen aldeko apustu sendoa egiten baitu, baina baita kalitatezko etengabeko prestakuntzaren aldekoa” – azaldu dute arduradunek. Hori dela eta, abenduan bere talde artistikoko kide batzuk Rigara bidaia egingo dute ahotsa teknika korala, entsegu teknikak eta errepertorioari buruz ikasten jarraitzeko.

Bide beretik, Janis Liepins zuzendari entzutetsua urtarrilean Errenteriara etorriko da Landarbasorekin lan egitera. Liepins Letoniako korurik onenean, Kamer Korisen, hezi zen eta ondoren taldearen zuzendari izatera iritsi zen eta 2013an Europako Abesbatzen Sari Nagusia lortu zuen. Urte horretan bertan, gainera, Letoniako “Great Music Award” sari berezia jaso zuen. 2014ean Rigako Operako zuzendari nagusi izatera pasa zen eta hortik aurrera orkestra zuzendari bezala bere ibilbidea sendotzen hasi. 2019az geroztik Alemaniako Mannheim hiriko Antzoki Nazionaleko zuzendari titularra da.

Errenterian egingo den tailer hau abeslariek osatuko duten etengabeko prestakuntza exijentearen parte izango da, taldearen planen artean baitago nazioarteko lehiaketa garrantzitsu batetan lehiatzea, egoera pandemikoak baimentzen badu behintzat.

Horiez guztiez gain, abesbatzak 30 urte beteko dituen denboraldi honetako gertuen duen konpromisoa Musikasten izango da, urrian. Bertan estreinatuko da Laura Jekabsone konpositoreak Landarbasori idatzi eta Maddalen Dorronsorok testua jarri dion obra. Egun 10 bat dira sasoi honetarako lotuta dauden kontzertuak, baina espero dute egoerak eraginda atzeratuta geratu ziren batzuk errekuperatzeko aukera izatea, “ez baitzaigu bururatzen gure urteurrena ospatzeko modu hoberik, pasioz bizi dugun honekin baino” – adierazi du Tolaretxipik.