Datorren astelehenetik aurrera ez da beharrezkoa izango aurretiko hitzordua eskatzea Galtzaraborda eta Fanderiako kirol instalazioetara sartzeko

Osasun Agintaritzak ezarritako edukiera berriak indarrean jarri eta Fanderiako igerilekuak berriro ireki ondoren, irailaren 27tik aurrera ez da beharrezkoa izango udal kirol-instalazioetara sartzeko aurretiko hitzordua eskatzea igerilekuetan, zein Galtzarabordako eta Fanderiako fitnes-zentroetan.

Halaber, desagertu egiten da kirol-instalazioetan egoteko gaur egun dagoen denbora-muga.

Nolanahi ere, erabiltzaile guztiei honako araudi hau betetzeko eskatzen jarraitzen du Udalak:

Araudi orokorra

• COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak, sukarra, eztula edo arnas sintomak badituzu, ez joan kirol-instalazioetara. Galdetu zure osasun-zentroan.

• Maskara uneoro erabili behar da, igerilekuetan bainatzerakoan eta dutxatzeko unean izan ezik.

• Etxetik kirol-arroparekin joatea gomendatzen da, dutxen eta aldagelen erabilera mugatzeko.

• Garbitu eskuak sarreran egongo den banagailuan aurkituko duzun gel hidroalkoholikoarekin, eta desinfektatu oinetakoak horretarako jarritako alfonbretan.

• Instalazioan zirkulatzeko, eskuineko aldetik joan eta ez gelditu korridoreetan.

• Mantendu gainerako erabiltzaileekiko 1,5 metroko gutxieneko segurtasun-tartea.

• Adingaberen batekin joanez gero, zaindu eta eskatu prebentzio-neurriak bete ditzatela.

• Bete instalazioak erabiltzeko arauak eta gomendioak, eta errespetatu langileen jarraibideak.

Aldagelak erabiltzea

• Armairuak, aldagelak eta dutxak erabil daitezke, baina betiere beste erabiltzaileekiko 1,5 metroko segurtasun-tartea mantenduz.

• Errespetatu aldagelen gehieneko edukiera, sarrerako ate bakoitzean seinaleztatuta dago.

• Aldagelen barruan, erabili eremuetako bat (sektorizatuta eta zenbakituta egongo dira) aldatzeko.

• Dutxak erabiltzea baimenduta dago, baina erabiltzeko seinaleztatutakoak baino ezin dira erabili.

Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen osasun-bilakaeraren eta araudian egin daitezkeen aldaketen arabera, sarbide-murrizketak berrezarri ahal izango dira.