Udalak hainbat jarduera antolatu ditu klima aldaketa gai nagusitzat hartuta ‘Asteklima’ ekimenaren baitan

Ezkerretik eskuinera: Niko Bengoetxea, Iraunkortasun teknikaria; Eneko del Amo, Mugikortasun zinegotzia, eta Jose Manuel Ferradas, Ingurumeneko zinegotzia.

Asteklima ekimenaren baitan hainbat jarduera antolatu ditu Udalak datozen egunotan. Horietatik lehena Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Batzordeko lehendakaria den Juantxo Lopez de Uraldek emango duen ‘Klima-aldaketaren eragin sozial eta politikoa’ hitzaldia izango da.
Horretaz gain, klima-aldaketa ardatz duen erakusketa ezagutu, antzerki-emanaldiaz gozatu eta ibilgailu elektrikoen tailerrean parte hartzeko aukera izango dute herritarrek:

Irailak 27: ‘Klima-aldaketaren eragin sozial eta politikoa’ hitzaldia. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Batzordeko lehendakaria den Juantxo Lopez de Uraldek gizarte-kontzientziaren aldaketak aztertuko ditu, baita egungo klima-krisiak zer mugimendu politiko eta legegile eragiten dituen ere. Saioa Merkatuzarreko Jose Luis Caso Aretoan izango da, 19:00etan.

Irailak 29 – Urriak 1: ‘Klima-aldaketari aurre’ erakusketa. Klima-aldaketaren nondik norakoak ezagutzera emateko erakusketa da, 18 muraletan zehar eragileak, eraginak eta irtenbideak jasotzen dituena. Udaletxeko arkupeetan ikusgai izango da 10:00 – 13:30 bitartean eta bertan teknikari bat egongo da, hurbiltzen diren pertsonei azalpenak emateko.

Urriak 6: ‘Bertan kasu egin, edo banoa’ antzerkia. Trokolo antzerki taldeak barrea eragiteko moduan prestatu duen antzezlan honek agerian jarri nahi ditu klima-aldaketarekin loturiko garrantzia handiko hainbat alderdi (15 urtetik gorako ikuslegoarentzako prestatuta dago). Emanaldia 18:00etan hasiko da Niessen auditorioan. Sarrerak, sarrerak.errenteria.eus atarian eta Niesseneko leihatilan (ordu bete lehenago) eskuratu ahalko dira.

Urriak 15: ‘Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak’ tailerra. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako Argitu Tailer honek, modu praktikoan gaur egungo merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarri, kontsumo, salneurri, kargatzeko errekerimendu eta bestelako alderdiei buruzko informazioa emango du, bai eta mugikortasun jasangarrirako beste aukera batzuen buruzkoa ere.

Tailerra 18:00etan izango da, Reina Aretoan. Bertan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatziz edo 628 532 248 telefono zenbakira deituz (astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 17:00etara), urriaren 13a baino lehen.

Informazio gehiago ingurumena.errenteria.eus webgunean aurkitu daiteke.

Asteklima Errenterian eta Euskadin

Aurtengoa Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen hirugarren edizioa izango da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du ekimena, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bidez, herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzeko.

Edizio honetan, Errenterirekin batera, beste 62 udalerritan 150 jarduera baino gehiago antolatu dira klima-aldaketa herritarren egunerokotasunean jarri eta kontzientzia pizteko.

Edonola ere, Errenterian energia eta klima-aldaketaren inguruko lanketa ez da berria. 2012an “Alkateen Ituna” sinatu ondoren, 2015 urtean Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana onartu zuen Udalak, 2020rako berotegi efektuko gasak % 20 murriztu asmoz (2007 urtearekiko). Honekin batera, 2015ean Nazio Batuen Compact of Mayors ekimenarekin bat egin eta, 2019an, Klima-aldaketara egokitzeko Errenteriako Plana onartu zuen.

2021 urtean Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren osaketari ekin dio Udalak lurraldea (lurzoruaren okupazioa eta erabilerak), mugikortasuna (jendearen eta merkantzien fluxua), ekonomia zirkularra (kontsumoa eta hondakinen kudeaketa) eta energia (aprobetxamendua eta sorkuntza) arloan eragin asmoz.

Horretaz gain, hainbat sentsibilizazio jarduera antolatzen ditu Udalak: 2015etik ‘Planetaren ordua’ ekimenarekin bat egiten du urtero Udalak eta, 2017az geroztik, Europako Energia Iraunkorraren astearekin. Euronet 50/50 proiektua ere bultzatzen du Udalak herriko zenbait ikastetxeetan.

Izan ere, norberak bere eguneroko ohituretan aldaketa txikiak eginez, Planetaren eta bertan bizi garenon ongizatearen aldeko urratsak emango ditugu.