Beraungo estadioa birgaitzeko lanak amaitu dira eta herritarrentzat erabilgarri dago berriro

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria; Rafaela Romero, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua; Aizpea Otaegi, alkatea; Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia; eta Maite Gartzia, Kirol zinegotzia.

• Fase honetan belar artifiziala berritu da, futbol 7ko zelai berria jarri da, atletismoko pisten zoladura berritu da eta kirol-ekipamendu berriak jarri dira

• Nahi dutenek instalazioa doan erabil dezakete astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 16:30era

Beraungo Estadioa birgaitzeko lanak amaitu ondoren, berriz ere zabalik dago.
Gaur goizean, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Maite Gartzia Kirol zinegotziak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak prentsaurrekoa eman dute horren berri emateko.

Otaegik azaldu du azken bi urteetan estadioan obra handi bat egin direla, bi fasetan. Lehenengoan, atletismo-pistako mendebaldeko kurba estali zen, eta horri esker, besteak beste, euria egiten duen egunetan atletismoa teilatupean praktikatzeko aukera dago, bai ikasleentzat, bai herritarrentzat oro har.

Obren bigarren fasea udan egin da, kirolariei ahalik eta kalte txikiena egiteko, eta duela gutxi amaitu da.

Bigarren fase honetan, belar artifiziala berritu da, eta futbol 7ko zelai berri bat jarri da, lehendik zeudenei gehituta; atletismo-pistetako zoladura sintetiko gorri guztia berritu da, eta luzera-jauzia egiteko bi hobi, pisua jaurtitzeko gune bat, altuera-jauzia egiteko eremu bat eta 60 metroko sei kale jarri dira. Gainera, kirol-ekipamendu guztia berritu da, bai futbolekoa (ateak, aulkiak, sareak, etab.), bai atletismokoa (jauziak, pisu-jaurtiketa, koltxonetak, etab.). Futbol 7 zelai berria, 50 x 27 metrokoa, futbol-zelaia mendebalderantz mugituz lortu den espazioan kokatu da.

Bigarren fase honetako lanek 550.114,33 euroko kostua izan dute -lehen fasearen obraren zenbatekoa, 720.180,61 eurokoa izan zen-.

Estadioaren erabilera

Hala, birgaitze-lanak amaitu ondoren, estadioa erabilgarri dago berriro ere, nahi dutenek doan erabil dezaten, lanegunetan, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 16:30era. Ordu horretatik aurrera, instalazioa eskola-kiroleko eta kirol federatuko taldeentzat erreserbatuta egongo da.

Futbol-zelaia eta atletismo-pistak erabili ahal izango dira, baina aldageletara, argi-sistemara eta harmailetara ezin izango da sartu.

Sarrera kantinako eremutik egingo da, eta nahitaezkoa izango da instalazioa erabiltzeko arauak betetzea.

Era berean, nahitaezkoa da distantzia sozialari eta maskararen erabilerari eustea (ahalegin fisiko handia egiteko unean izan ezik).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena

Rafaela Romero diputatuak Pasaiako Badiako udalerriak biziberritzeko konpromisoa gogorarazi du. Kiroletako eta Lurralde Antolaketako sailek 620.000 euro eman dituzte (480.000 € Kiroletako + 140.000 € Lurraldearen Antolamenduko) Mikel Odriozola estadioa birgaitzeko. Azken urteotan udalerrian espazio hondatuak berritzeko egin diren eta erakundeen arteko lankidetzari balioa ematen dioten beste esku-hartze batzuen ondoren, herritarren egunerokotasuna hobetzen jarraitzeko funtsezko tresna gisa.

“Etorkizunari begira, 2022an eta hurrengo urteetan ikusmira jartzeko unea da. Une honetan, datorren urterako foru aurrekontuetan lanean ari garelarik, Pasaiako Badiako udalerriek partida garrantzitsua jasoko dute berroneratzeko lanean jarraitzeko “.

Gehien erabiltzen den udal kirol instalazioetako bat

Alkateak azpimarratu du Beraungo Estadioa gehien erabiltzen den udal-instalazioetako bat dela; izan ere, Beti Ona Kirol Elkartearen (maila federatuko eta eskola-mailako zortzi futbol-talde baino gehiago ditu), Orereta Kafea F.C.ren (maila federatuan sei talde baino gehiago ditu) eta Club Atlético Errenteriaren (C.A.R.) egoitza da.

Oarsoaldeko ‘Eskola Kirola’ programaren egoitzetako bat ere bada -1.000 haurrek baino gehiagok parte hartzen dute bertan-, eta 2020 urtera arte Errenteriako Udalak antolatutako Futbol 7 Txapelketaren egoitzetako bat izan da, 1.000 jokalari baino gehiago dituzten 50 talderen parte-hartzearekin.

Era berean, Koldo Mitxelena Institutuak gorputz-hezkuntzako eskolak emateko erabiltzen du estadioa, eta Beraungo herritarrek paseatzeko erabiltzen dute pista. Gainera, Bizarain Ikastolako ikasleek egunero erabiltzen dute pista aisialdirako gune gisa.