Klima Bai! lehiaketan parte hartzeko gonbita luzatu die Udalak herritarrei klima-aldaketari aurre egiteko

Klima-aldaketaren inguruan herritarrak kontzientziatu eta jarrera aktiboa sustatu asmoz, Errenteriako Udalak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko KlimaBai! lehiaketarekin. Baina Udalak ez ezik, herritarrak ere erronka honetan parte hartu dezakete hain jasangarriak ez diren ohiturak aldatuz eta karbonoaren aztarna pertsonala murriztuz, Ekoaktibo bilakatzeko. Klima Bai! plataformari esker, besteak beste, etxeko energia kontsumoan eta joan-etorrietan ditugun ingurumen-inpaktua murrizteko proposamenak ezagutu ahal izango dituzte herritarrek.

Erronka horiei erantzuten zaien heinean, herritarrak puntuak pilatzen joango dira eta, puntu gehien eskuratzen dituzten hiru udalerriak 40.000 €, 20.000 € eta 10.000 €-ko saria eskuratu ahal izango dute, ingurumen arloko jardueretara bideratzeko. Lehiaketan izen-emateko epea urriaren 15era arte dago zabalik eta Klima Bai! Webgunearen zein Google Play edo Apple Storeko apparen bidez egin.

Klima Bai! lehiaketa laburrean

Klima Bai! lehiaketak ekintza zuzen eta neurgarri txikien katea sustatu nahi du, jasangarritasunaren eta erresilientziaren bidetik ohiturak aldatzea eragiteko. Halaber, klimaren arloan eragina duten eguneroko jarrerak eta ohiturak aldatzea eragozten duten oztopoak aztertu eta ezagutuko dira eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzeko.

Horretarako, lehiaketan zehar, gure ohiturek klima-aldaketan duten eragina azalduko da, alternatiba jasangarriagoak proposatuko dira eta, parte hartzen duten familiei, ohituren aldaketa hori eragin nahi duten erronkak plazaratuko zaizkie.

Lehiaketa 7 gai-multzotan egituratuta egongo da (Energia, Elikadura, Ehunak, Ura, Hondakinen hierarkia, Mugikortasun jasangarria, Biodibertsitatea) eta, behin gai-multzo bakoitza aktibatuta dagoenean, honako hiru fasetan antolatuko da:

  1. Hasierako prestakuntza: gai-multzo bakoitzaren hasieran on-line prestakuntza tailer bat emango da. Tailer horretan, testuinguruan jarriko da gai bakoitzak klima-aldaketan duen eragina, eguneroko ohiturek klimaren arloan duten eragina aditzera emango da eta ohitura jasangarriagoetarako aldaketa ekarriko duten aukerak azalduko dira. Tailerra ordu beteko iraupena izango du gutxi gorabehera eta grabatua izango denez, familiek eskura izango dute, edozein unetan jarraitu ahal izateko. Gai multzo bakoitzeko bi tailer izango dira, bat euskaraz eta bestea gazteleraz.
  2. Aurretiko ebaluazioa: hasierako prestakuntzaren ondoren, familiek, galdetegi sinple baten bidez, beren ezagutza orokorrei eta kontsumo ohiturei buruzko hasierako ebaluazioa egingo dute, beren abiapuntuko egoera zein den jakiteko. Galdetegiaren bitartez familiek puntuak eskuratu ahalko dituzte.
  3. Erronkak hautatzea eta garatzea: Azkenik, gai-multzo bakoitzean 10 erronka proposatuko dira. Erronka horien helburua izango da familiek zuzeneko ekintza neurgarri txikiak egitea, euren erosketa eta kontsumoko ereduetan, hondakinak sortzeko ereduetan, joan-etorriak egiteko moduetan eta abarretan aldaketak eragin ditzaten. Erronkak aukeratzea eta garatzea borondatezkoa izango da. Familia bakoitzak egin nahi dituen erronkak aukeratuko ditu eta erronka horiek garatzeko epe bat ezarriko du ere.

Lehiaketak gutxi gorabehera 6 hilabeteko iraupena izango du (2021eko urritik 2022ko martxora).

Modu honetan, norberak bere eguneroko ohituretan aldaketa txikiak eginez, Planetaren eta bertan bizi garenon ongizatearen aldeko urratsak emango ditugu.