Antzerki eta musika eskaintza erakargarria urrian

Niessen Kulturguneko eta Lekuona Fabrikako oholtzek antzerki eta musika proposamen erakargarriak eskainiko dituzte urrian zehar. Covid19aren kontrako neurri berriei jarraiki, aforoak handitu ahal izango dituzte bi espazioek eta Lekuona Fabrikak zutikako lehendabiziko kontzertua eskaini ahal izango du.

Hasteko, Niessen Kulturguneak L’home dibuixat konpainiaren ‘Zapata berriak’ ikuskizuna hartuko bihar, hilak 8. 3 urtetik gorako haur eta familiei zuzendutako antzezlan honek sari ugari jaso du, tartean 2020ko haur eta familientzako ikuskizunik onenaren Max Saria. Errenterian bi saio emango dituzte: 17:00etan lehendabizikoa eta 18:30ean bigarrena.

Atx Teatroak ‘Lubaki lainotsua’ bere azken sorkuntza erakutsiko du Lekuona Fabrikako Sorlekuan igandean, hilak 10, 19:00etan. Konpainiak bertan egin du antzezlanaren azken sorkuntza egonaldia eta oholtza horretan bertan erakutsiko du publikoaren aurrean lehendabizikoz. Doako saioa izango da.

Rap erritmoak urriaren 16an iritsiko dira Lekuonara Bartzelonako Tribade hirukotearen eskutik. Kontzertuan La Basu bizkaitarra izango dute lagun, nazio mailako rap eszenako erreferente eta Euskal Herriko adierazgarriena. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Aipatzekoa da, Lekuona Fabrikak hartuko duen zutikako lehendabiziko kontzertua izango dela.

Hilabetea amaitzeko, hilaren 31n, Kabia Teatroak munstro sozialaren kontzeptua du oinarri duen ‘El alimento de las moscas’ antzezlana eskainiko du Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Elkarlan baten emaitza da ikuskizuna: Teatre de l’Enjòlit konpainiarekin batera sortutako lana da eta La Zaranda konpainian egindako lanagatik aski ezaguna den Eusebio Calongek idatzitakoa.

Gainera, Atarian ekimenari esker, ‘Lubaki lainotsua’ eta ‘El alimento de las moscas’ ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango dute.

Sarrera guztiak eskuragarri daude dagoeneko sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan. Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko da sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.