‘Hizkuntzak Solasean’ irratsaioa antolatu dute ostiralerako HizkuntzenTopaguneren baitan

Euskara | Kultur aniztasuna 2021-10-11 | 0

Hizkuntzen Topagunea Udalaren azken urteetako lan-ildo iraunkorra da, herrian dauden hizkuntza komunitateen bilgune izateko xedea duena. Izan ere, herriko hizkuntz aniztasuna aberastasun gisa ulertzen du Udalak, euskarari kohesiorako elementu nagusi izaera esleituz.

Lan-ildo honen baitan, hizkuntza jatorri ezberdinetako pertsonak bildu eta “Hizkuntzak solasean” taldea sortu da, urtean zehar Lekuona Fabrikan biltzen aritu dena, taldeari forma emanez, elkarren artean partekatuz eta elkar ezagutuz, guztion artean norabidea eraikiz.

Bestela esanda, hizkuntzek eta hiztunek elkar ezagutzeko eta gozatzeko egitasmoa da “Hizkuntzak Solasean”; proiektu bizia eta dinamikoa da, hori dela-eta, edonork ateak zabalik ditu martxan dagoen hizkuntza eta kultura saioren batean parte hartzeko edo edozein proposamen egiteko.

Helburuokin lotuta, ”Hizkuntzak Solasean” osatzen dutenek, Pausumedia irrati komunitarioarekin batera, irrati saio formatua izango duen solasaldia gauzatuko dute, herriarekin euren bizipenak, esperientzia, kezkak eta nahiak ezagutaraziz eta partekatuz.

Bakoitzak bere ama hizkuntza zein jatorriko hizkuntzaren igorle gisa parte hartuko du, norberak, hizkuntza eta kultura propioa tokian tokiko nola harremantzen dituen adieraziz, besteak beste.

Ekitaldia urriaren 15ean izango da, 17:00etan, Lekuona Fabrikako Plaza Luzean (sarreran), bertatik pasatzen den ororekin partaideen hitzak partekatuz eta ezagutzera eramanez. Honekin batera, bozgorailuak egongo dira bai barruan eta bai kanpora begira, transmisio honek ahalik eta irisgarritasun eta eragin handiena izan dezan.

No comments yet.

Utzi erantzuna