Musikastek euskal musikaren balioa nabarmenduko du berriro, euskal emakume musikagileen garrantzi bereziarekin

  • Gainera, lehenengo aldiz Lekuona izango da Euskal Musikaren Astearen sedeetako bat

Eresbil Fundazioa – Musikaren Euskal Artxiboak eta Andra Mari Abesbatzak Musikaste ekitaldiari jarraipena emango diote urrian. Ekintza honek euskal musika, obra klasikoak eta garaikoak zabaltzea du helburu. 49. edizio honek aurretik markatutako bideari jarraipena emango dio, egungo egileei babesa emateko, gure emakume konpositoreen sorkuntza berriei aipamen berezia eginez.

Programa ostiral honetan hasiko da eta hilaren 23ra arte iraungo du. Guztira, bederatzi kontzertu antolatu dira zazpi egunetan. Jarduerak Errenteriako bost tokitan egingo dira.

Musikasteren 49. edizioaren aurkezpenean hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu dute: Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak; María José Tellería, Gipuzkoa Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak; Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak; Arantxa Arzamendi Andra Mari Abesbatzaren lehendakariak; eta Pello Leiñena Eresbil Fundazioko zuzendariak.

Aizpea Otaegi alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaileei, pandemiak pandemia, iaz eta aurten ekimena antolatzeko indarrarengatik. Gainera, aurtengoan, % 100eko aforoarekin. Horretaz gain, nabarmendu du Musikastek aukera ematen diola Errenteriari astebetez euskal musikaren hiriburu izateko.

Azkenik, aurtengo berritasun bati egin dio erreferentzia, aurten Lekuona Musikasteren sedeetako bat izateari, hain zuzen ere.

Maria Jose Telleriak, Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak, programa goraipatu du, eta Errenteriak urte osoan zehar musika sustatzeko egiten duen ahalegina eskertu du. Gainera, jendea animatu du Musikasten parte hartzera.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Andoni Iturbek, % 100eko aforoa berreskuratu izana albiste ona dela adierazi du, eta talentua bultzatzearen eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu du.

Azkenik, Pello Leiñena Eresbil Fundazioko zuzendariak egitaraua azaldu du.

Egitarau zabala

Hasierako egunean bi hitzordu izango dira ordu berean. Naroa Intxausti sopranoak eta German Ormazabal pianistak Lied kontzertua eskainiko dute. Euren errepertorioan Emilio Arrieta (1821-1894) eta Pedro Guetary (1866-1921) konpositoreak dira nabarmen, Musikasteren edizio honek bere mendeurrena ospatzen duelarik. Bigarren emanaldian Alain Mayaren dantza, Gorka Hermosaren akordeoia eta Garikoitz Mendizabalen txistua protagonistak izango dira.

Hurrengo egunean Sarasate duoak lekukoa hartuko du ganbara kontzertu bat eskainiz. Jonathan Mesonero biolinistak eta Mercedes Medina pianistak Enrique Fernández, César Figuerido, Pablo Sorozabal eta Isabel Garmendiaren obrak interpretatuko dituzte, Pablo Sarasateren konposizioekin amaitzeko.

Lehenengo aste hau beste bi emanaldirekin itxiko da igandean. Aurrenekoan, Andra Mari abesbatzak Junkal Guerreroren ‘Arimen Besarkadan’ edo Requiem Meza eskeiniko ditu. Kontzertu hau COVID-19aren pandemiaren biktimen omenez izango da. Egunak aurrera jarraituko du Errenteriako Udal Txistulari Elkarteak eta EMKE Bandak batera emango duten kontzertuarekin.

Musikasteren egitarauaren jarraipena asteazkenean, hilak 20an, iritsiko da, eta egun honetan emakumea protagonista izango da. Jone Martinez sopranoak eta Iker Sanchezek zuzendutako Bilbao Sinfoniettak Asier Lopez Iraolaren ‘El segunda sexo’ lana estreinatuko dute, Simone Beauvoirren izenburu bereko obran oinarritutako monodrama filosofikoa. Kontzertuaren aurretik, mahai-inguru bat egingo da, obraren egokitzapenari buruz hitz egiteko.
Hurrengo egunean, jazzak Errenteria hartuko du. Angel Unzu gitarristak, Andrej Olejniczak saxofoi-jotzaile eta klarinete-jotzaileak, Gonzalo Tejada baxu-jotzaile elektrikoak eta Juan Manuel Urriza bateria-jotzaileak euren azken diskoa aurkeztuko dute, ‘Orain’ izenekoa, laukote elektriko formatuan.

Musikasteren edizio honen azken txanpa ostiralean, hilak 22an, heldu da hitzordu berezi batekin. Abesbatzen eguna Lekuona Fabrikan ospatuko da, Errenterian kultur jarduerak bultzatzeko gune berri bat. Andra Mari, Landarbaso, Eragiyok eta Donosti Ereski Kultur Elkarteko ahotsek, besteak beste, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Ken Zazpiren obrak eta moldaketak osatutako errepertorioa eskeiniko dute.

Azkeneko egunean, hilaren 23an, Euskal Herriko Gazte Orkestrak, Rubén Gimenok zuzenduta, emango dio amaiera aurtengo edizioari. Horretarako, Jose Luis Marco, Beatriz Arzamendi, Beltran Pagola eta Juan Crisostomo Arriagaren lanak eskainiko ditu.

Kontzertuetara joateko sarrerak erostea beharrezkoa da. Dagoeneko salgai daude Eresbil Fundazioaren egoitzan (Alfonso XI kalea, 2, Errenteria), Lekuona Fabrikaren leihatilan (Urantzu kalea, 7, Errenteria), eresbil.eus webgunearen bidez eta kontzertuak hasi eta ordu bat lehenago bertako lehiatiletan. Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira eta bost euroko prezioa izango dute, bi kontzertuk izan ezik. Inagurazio egunean Madalenaren ermitan egingo dena eta hilaren 17koak doakoak izango dira.

Egitarau osoa hemen deskargatu daiteke