Udala berdez, urdinez eta arrosaz argiztatu da, Bularreko Minbizi Metastasikoaren Munduko Egunean

Gaur, urriaren 13a, Bularreko Minbizi Metastasikoaren Munduko Eguna da. Hori dela eta, berdez, urdinez eta arrosaz argiztatu dute Udala, eta gaur gauean berriro ikusiko dira kolore horiek.

Halaber, Bularreko Minbizi Metastasikoaren Elkarteak manifestu hau idatzi du:

Gaur, urriak 13, Bularreko Minbizi Metastasikoaren Munduko Eguna da.

Hilabete arrosaren kanpainan bete-betean sartuta, beste kolore batzuez tindatzen da egun hau. Arrosa lausotu egiten da eta distira galtzen du, bularreko minbizia duten eta oraingoz tratamendua inoiz utziko ez duten emakumeen errealitatea erakusteko. Albo-ondorioen eta beldurraren pean biziko dira beti. Egun bakoitzari etekina ateratzearen pozaren eta iraupen luzeko lasterketa honen nekearen artean. Gure minbiziarekin batera datorren metastasiak minbizia beste organo batzuetara barreiatzea eragiten du (hezurrak, birikak, gibela, …) eta gure zelula jostalariak lokartzea edo asaldatzea, pixkanaka gure gorputza inbadituz. Eta askotan bakartuta eta ikusezin egoten bagara ere, urtero emakume asko eta gizon batzuk hiltzen dira gure herrialdean. Zehazki, 6621 pertsona hil ziren iaz patologia honen ondorioz.

Izan ere, oraindik ere Bularreko Minbizi Metastasikoa da 35 eta 50 urte bitarteko emakumeak hiltzearen lehen arrazoia, nahiz eta ikerketak aurrerapen handiak ekarri eta profesional askok ere egunero ahalegin handia egin.

Eta zer espero dugu egun honetatik? Zure konpromisoa nahi dugu, gure ondoan zaudela jakitea, ikusten gaituzula eta gurekiko enpatia duzula, gure bizitzak garrantzitsuak direlako, eta zure ama, ahizpa, edo alaba izan naitekeelako, baina zu zeu ere bai.

Diagnostikoak arindu nahi ditugu markatzaile eta biopsia likidoen azterketaren bidez.

Tratamenduak eskuratzeko eta entseguetan parte hartzeko aukera izan nahi dugu, edonon bizi garela ere.
Botika edo tratamendu berrien onarpena bizkortzea nahi dugu, beharrezkoa ez den inolako murrizketarik gabe, eta gure ospitaleetako protokoloan txertatzea.

Gure kasuistikak eta tumoreak aztertzea nahi dugu, tratamenduak fintzea eta pertsonalizatzea eragiteaz gain horrek, aldi berean, baliabideen xahuketa mugatuko lukeelako.

Egoera hau bizitzen ari diren emakume guztiei esan nahi diegu ez daudela bakarrik. Badela elkarte bat lan egin eta gauza horiek adierazten dituena, eta besoak zabalik hartuko zaituena.

Urriaren 13a egun berezia izatea nahi dugu, gure kide guztiak gogoratzeko, izar horiek guztiak gogoratzeko, gaur ezin baitira gurekin egon, azkeneraino eutsi baitzioten itxaropenari, guztiok espero dugun eta haientzat inoiz iritsi ez zen mirari hori desiratuz.

Azken batean, gure leloa egun honetan agerian eta latente egotea nahi dugu:

IKERKETA GEHIAGO BIZITZA GEHIAGORAKO

Eskerrik asko