Gamon Zumardiak Errenteriako XVI. Landalurraren Azoka hartuko du larunbat honetan

Larunbat honetan, urriaren 16an, Errenteriako XVI. Landalurraren Azoka antolatu du Errenteriako Udalak, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urtebeteko atsedenaldiaren ondoren, azoka bere oinarrizko formatuan eta egungo egoerara egokitutako aldaketa batzuekin itzuliko da. Aipagarriena azokaren ordutegi berria izango da, goizeko 9:30etatik 14:30era bitartean.

Modu honetan, larunbatean Errenteriako Gamon Zumardia herriko lehen sektorearen erakusleiho bihurtuko da. Goizean zehar bertako produktuen azoka egingo da: Eguzkiborda baserriko Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta; Aparola baserriko behi gazta; Aparola eta Eguzkiborda baserrietako fruta eta barazkiak; eta Zituene Pasta Obradore Kooperatiboaren pasta freskoa. Abereen eta erlearen eta erlezaintzaren erakusketak ere ikusgai izango dira, ezti mota ezberdinen dastaketarako aukerarekin. Horretaz gain, Errenteriako Talogileak Elkarteak taloak eskainiko ditu, azokara hurbiltzen direnek hauek dastatzeko aukera paregabea izanik.

Horretaz gain, adin guztietarako tailerrak egongo dira goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara: 11:00-12:00 landaketa eta lore prentsatuko haur-tailerra; 11:30-12:30 haziak ereiteko tailerra helduentzat; eta 13:00-14:00 helduentzat Totebag tailerra. Egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.

Izenak dioen bezala, Errenteriako lehen sektoreak parte hartzen duen herri mailako azoka da eta bere helburua Errenterian lan egiten duten nekazal arloko enpresak ezagutaraztea eta egiten duten lana aitortzea da.

Izan ere, ez dugu ahaztu behar lehen sektorea dela inguratzen gaituen landa-paisaia mantentzearen arduradun, eta kalitateko elikagaiez hornitzen dituztela gertuko merkatuak eta saltokiak.

Aipatzekoa da, halaber, landa-azokaren antolaketan beste hainbat eragilek ere parte hartzen dutela, hala nola: Gipuzkoako Erlezainen Elkartea, Artelatz eta Euskal Herriko Hazien Sarea.