‘Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako industri ondarea 1980’ erakusketa astelehenean inauguratuko da, aurkezpen komentatu batekin

Urriaren 18tik azaroaren 6ra ‘Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako industri ondarea 1980’ izeneko erakusketa ikusteko aukera egongo da Xenpelar Etxean, Ondarearen Europako Jardunaldiei amaiera emateko. ‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ goiburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiak koordinatu ditu jardunaldiok, eta Errenteriako Udalak hainbat jarduera egin ditu haien baitan.

Gainera, erakusketa urriaren 18an inauguratuko dute, astelehenean, 18:30ean, aurkezpen komentatu batekin.

‘Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako industri ondarea 1980’ erakusketa

Antolatzailea: Errenteriako Udala eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua

Tokia: Xenpelar Etxea

Noiz: urriaren 18tik azaroaren 6ra

Ordutegia: astelehena-larunbata. 17:00-20:00

Erakusketa Santi Yanizek 1980ko hamarkadan Oarsoaldean egindako argazkien aukeraketa batean oinarrituta dago. Argazkilari bizkaitarrak Euskal Autonomia Erkidegoko industria ondarearen inguruan egindako 5.000 argazkietako batzuk jarriko dira ikusgai.

Oraingo honetan, Errenteriako, Oiartzungo eta Pasaiako 80ko hamarkadako industria-ondare oparoan oinarritzen dira argazkiak.

Erakusketaren aurkezpen komentatua

Eguna: urriak 18, astelehena

Ordua: 18:30

Tokia: Xenpelar Etxea

Erakusketa inauguratzeko aurkezpen komentatua egingo dute diapositiben egile, zaharberritzaile eta digitalizatzaileak, Santi Yaniz argazkilariak; Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak; eta Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Institutuko zuzendariak.

Santi Yanizi buruz

Bilbon jaio zen Santi Yaniz argazkilaria eta sari ugari irabazi ditu lehiaketetan, baita nazioarteko batzuetan ere, eta bere gai gogokoenak erretratatu ditu: Euskal etnografia eta paisaia.

Erreferentzia bat da lurralde honen argitalpen-argazkilaritzan eta bere argazki-artxiboa editoreek zein publizitate- eta komunikazio-agentziek erabiltzen dute, besteak beste, etengabe.