Udalak martxan jarri du Ongi etorri eskolara proiektua jatorri anitzeko familien arteko topaguneak sustatzeko


Koldo Mitxelena ikastetxean abiatuko da eta ikasturtean zehar herriko beste ikastetxeetara zabalduko da.

“Ongi etorri eskolara” proiektua jatorri anitzetako familiak harremanetan jartzean oinarrituko da eta herrira iritsi berri diren familiek eta jada Errenterian bizi diren familiek eskolaz kanpoko aisialdi garaian elkar ezagutu, harreman sareak zabaldu eta herriko bizitzan murgiltzea izango du ardatz.

Ikastetxeko, gizarte mailako eta kultura zein aisialdiko eremuetan garatuko da familia parte-hartzaileen arteko harremana, eta jatorri ezberdinekoen arteko elkar ezagutza eta harremanaren bidez parte-hartzaile guztiek kultur aniztasunaren balore positiboak partekatuko dituzte.

Bestalde, herri mailan parte-hartzaileen arteko zenbait jarduera komunitario sustatuko dira eta Udalak zein Errenteriako elkarteek antolatutako ekimenak ezagutzeko informazioa eskainiko da, bertan parte-hartzea sustatuz. Nahi izanez gero, Oarsoaldean edo Donostialdean kultur ekintzetan parte hartzeko aukera ere izango dute partaideek.
Elkarrekin Kooperatiba Txikia arduratuko da proiektu honetaz udalarekin sinatutako kontratu baten bidez: kooperatiba honek azken urteotan Ongi Etorri Eskolara ekimena garatu izan du Gipuzkoako zenbait herritan.

Abiapuntua Koldo Mitxelena ikastetxean
Koldo Mitxelena ikastetxeko Koldokide guraso elkartea izan zen Udalari proiektu hau gauzatzeko proposamena luzatu ziona, kultur-artekotasunaren lanketan urrats garrantzitsu izan daitekeelakoan.

Ikasturte hasierarekin bat, dagoeneko hasi dira familia boluntarioen izen-emateak eta asmoa urtarrilerako bikotetzeak osatuta izatea da.

Ikastetxeko zuzendaritza eta irakaslegoa zein Koldokide Guraso elkartearen ekarpenak funtsezkoak izango dira proiektu honen gauzapenean.

Herriko ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoa
Kultura aniztasun handia duen ikastetxe batean abiatuko da egitasmoa, froga pilotu gisara, baina asmoa 2021-2022 ikasturtean zehar herriko haur eta lehen hezkuntzako sei ikastetxeetara zabaltzea da eta datozen urteetan proiektua guztietan egonkortzea; betiere ikastetxe komunitate bakoitzaren testuinguru eta ezaugarrietara egokituz eta onartuz, lekuan leku, forma ezberdina har dezakeela egitasmoak.

Proiektu honen bidez, Udalak beste urrats bat eman nahi du herri hezitzailearen bidean, oraingo honetan etorri berriak diren haur eta familiengan begirada jarriaz.

Eta balorean jarri nahi du komunitatea josteak duen garrantzia herri kohesionatua sustatze bidean.