Gaur zabaldu dute San Tomas egunean postuak jartzeko eskaera egiteko epea

San Tomas Batzordeko kideak dagoeneko hasi dira San Tomas eguna antolatzeko lanetan: “Egungo egoera, zein baldintzak kontutan izanik, guztiontzat hain berezia den egun hau ospatzeko aukera izango dugulakoan, San Tomas egunaren antolaketarekin hastea erabaki dugu”, adierazi dute.

San Tomas batzordea norbanako zein elkarteek osatutako batzordea da, eta aurten, herritar ororen laguntza “inoiz baino garrantzitsuago eta beharrezkoagoa” izango zaiela azaldu dute, prestaketak martxan jartzeko “nahikoa berandu” delako jada. Hortaz, datorren urriaren 27an, asteazkena, 19:00etan Merkatuzarren izango den hurrengo bileran parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Bide batez, jakinarazi dute, San Tomas egunean txistorra postuak zein artisau eta elikagai postuak jartzeko eskaera egiteko epea gaur, hilak 20, zabaldu dela eta azaroaren 10ean amaituko dela. Eskaerak udaletxeko ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan aurkeztu beharko dira eta horretarako, interesdunek dagokion eskaera eredua bete beharko dute.

Ereduak ZU! zerbitzuan bertan edo errenteria.eus webgunean eskura daitezke. Era berean, nahiago duenak tramitazio osoa udaleko webgunearen bidez ere egin dezake.

Bukatzeko, gogoratu nahi izan dute txistorra postua jartzen duten elkarteek, antolaketan parte hartu eta bilerara bertaratu beharko direla.