Gau Beltza herriko kaleetara itzuliko da igande iluntzean

  • Horretaz gain, III. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatu du Orereta Ikastolak

Bigarren aldiz Gau Beltza antolatu du Orereta Ikastolak urriaren 31ko ilunabarrean, herriko eragile Lau Haizetara Elkarteak, Amulleta tanbor-kofradiak, Xenpelar AEK euskaltegiak, Ereintza dantza-taldeak, Urdaburu Mendizale Elkarteak eta Aisiolako begiraleak lagunduta. Kalabazaren Bidea da proposamena; arratsaldeko 19:30ean Santa Klaratik abiatu eta herriko hainbat kaletatik pasa ostean, ordubete ingururen buruan, Gamon Zumardian amaituko den sorpresaz betetako bidea, hain justu.

Kalabazaren gurdiarekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta egingo da uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea.

Gamon Zumardian, herriko hainbat eragilek euren emaldia egingo dute. Hori amaituta, beldurren eltzean izuak erreko dira eta suzko zezenarekin emango zaio bukaera festari, 20:30ak aldera. Orereta Ikastolak herritarrak bidean bertan parte hartzera animatu nahi ditu, ahal dela, mozorrotuta. Izan ere, Gau Beltzak herritik herriarentzat sortutako festa izan nahi du.

III. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa

Egin klik handitzeko

Gau Beltzaren eta Kalabazaren bidearen ildoari jarraituz, Orereta Ikastolak Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikusentzunezkoen lehiaketa antolatu du, hirugarren urtez. (Mikro)ipuinen hiru kategoriak herriko DBHko ikasleei eta helduagoei zuzenduta daude, eta ikus-entzunezkoen saila, ordea, publiko zabalari begira antolatu da. Abenduaren 3ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Irabazleen izenak abenduaren 21ean jakinaraziko dira. Ikastolako webguneko Gau Beltza atalean daude egitasmoaren gaineko xehetasunak eta lanak aurkeztu ahal izateko oinarriak.