Errenteriako Udalak eta Aiako Harria Parke Naturaleko eta KBEko Administrazioak amezti baten leheneratzea hasi dute Otraitzen (Añarbe)

Añarbe inguruan tokiko baso adierazgarrienak haritz kandudunez osatutako hariztiak eta pagadi azidofiloak dira, baina badira bestelakoak ere: ibaiertzeko basoak eta haltzadi kantauriarrak daude Parke Naturaleko ibai eta erretenen inguruan, eta Aizpitarteko harizti atlantiko mistoa.

Horrez gain, Errenterian, Sanmarkoko Kutarro aldean eta Añarbeko Otraizko Gainan, garai batean han izandako ameztien (Quercus pyrenaica) azken arrastoak geratzen dira. Ametza haritz mota bat da, lurzoru lehor nahiz hondartsuetara, nola lehorteetara ondo moldatzen dena.

Honelako hariztiak kontserbazio-egoera txarrean egoten dira batzuetan, zenbait arrazoi direla medio, besteak beste; sua, azienden eragina edo baso-mozketak; halaxe gertatzen da Otraizko ameztian. Gauzak honela, Parke Naturalak (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Udalak 700 metroko ganadu-itxitura egin dute udan, aziendaren kalteak saihesteko eta bizirik iraun duten ametz ale bakanak babesteko. Honela bere ugalketa erraztuko da eta banaketa-eremua hiru hektareatan zabaldu da, berez dagokion eremua berreskuratuz. Ekimen honek datozen urteetan Errenterian hain urria den baso-habitat hori modu ekologikoan berreskuratu eta leheneratzea du helburu, Añarbeko kontserbazio biologikoaren egoera hobetuz.

1995ean Natura 2000 Sarean babestutako eremu hori sortu zenetik, erakunde publikoak pixkanaka degradazio-egoeran zeuden ekosistema-mota batzuk leheneratzen joan dira: basoak, hezeguneak, ibaiak, mendiko larreak, … Eta egun bizi dugun klima- eta bioaniztasun-krisiak direla eta, lan horrek hurrengo hamarkadetan jarraitu behar du.

Urriko Landalurraren Azokara hurbildu ziren familiei Basozaintzak Otraitzen bildutako ezkurrak banatu zaizkie eta, negu honetan, bertan landatuko dira baso zahar hau berreskuratu asmoz.