Agintaldi planaren balantzea egin dute

Agintaldi planaren balantzea egin dute gaur goizean Lekuona Fabrikan.
Bi urte igaro dira 2019-2023 legealdia hasi zenetik. Covid-19ak markatutako epea izan da, eta Aizpea Otaegi alkateak agintaldiaren hasieran hartutako konpromisoen berri eman du, eta gogoratu du nolakoa izan den, orain arte, pandemiaren kudeaketa udalerrian. Izan ere, Otaegik adierazi duenez, “pandemiaren kudeaketak, aurreikusi gabeko hainbat neurri eta ekimen pentsatu eta martxan jarri beharra ekarri digu, urgentziazko egoera asko eragin ditu eta horiei erantzutea izan dugu azken hilabete luzeetan lehentasun”.

Alkateak gaineratu duenez, “pandemiaren berehalakoa kudeatzeaz gain, udalerri gisa ditugun erronka eta proiektu estrategikoak etengabe garatu ditugu, eta esandakoa egin egin dugu”.

Horiek horrela, gardentasun-ariketa bat eginez, duela bi urte hartutako konpromisoen egoeraren berri eman du, proiektuak zazpi bloketan banatuta: zaintza eta bizitza duinak, aro kultural berria, garapen ekonomikoa, herri seguru eta kohesionatua, hiriaren antolaketa, ingurumen-jasangarritasuna eta gobernantza partekatua.

1.- Zaintza eta bizitza duinak

Agintaldirako Planak jasotzen duen lehen konpromisoa erantzunkidea eta berdinzalea den komunitate bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa da.
Alkateak azaldu duenez, “Covid-19a erronka handia izan da, eta udalerri gisa egin diogu aurre. Pertsona eta kolektibo ahulenak babestu behar genituela bat eginda Zaintza Sare bat sortzeko gai izan gara, erakundearen datuak eta koordinazioa 400 boluntarioren baino gehiagoren ekarpenarekin eta konpromisoarekin artikulatuz, gehien behar dutenei segurtasuna, berotasuna eta baliabideak eskaintzeko gai izan baikara”. Baina hori ez da pandemiaren testuinguruan egin den gauza bakarra; adinekoentzako kirol- eta kultura-eskaintzak ere lehentasuna izan du, eta hori posible izan da Udalaren eta erretiratuen elkarteen arteko lankidetzari esker.

Covid-testuinguruan ere, hezkuntzarako eskubidea bermatu eta herriko haur guztiek ikasketa-prozesuarekin jarraitu ahal izateko, laguntza edo hornidura (izan ordenagailuak, izan konexio-txartelak) behar zuten haurrak identifikatu dira, ikastetxeekin elkarlanean eta behar zituzten baliabideak jarri dira haien eskura.

Hala ere, alkateak nabarmendu du pandemiaren larrialdiek ez dutela saihestu legegintzaldiko konpromisoak bete izana. Horrela, Adinekoen Mahaia sortu da, eta bertatik udalerriko bakardadearen diagnostikoa egin da; Adinekoentzako Zerbitzuen Gida egin da, adinekoentzako udal-mailako zerbitzu eta eskaintza guztiekin; 1.500 emakumek parte hartu dute Emakumeen Etxearen jardueretan; Errenteria hezkuntza-udalerrien sarera atxiki da, eta lankidetza eta garapenerako udal-estrategia birdefinitu da, agintaldi honetan aurrekontuaren % 0,7 horretara iristeko konpromisoa hartuta.

2.- Aro kultural berria

Lehenengo hilabete hauetan Lekuona Fabrikak 30.000 bisitatik gora izan ditu. Agintaldi honetan Errenteria Musikal Dantza eta Musika Eskola eraldatzen hasi da; herriaren 700. urteurrena ospatu da, ospakizuna pandemiaren testuingurura egokituz, eta kultur eragileentzako zuzeneko diru-laguntzak % 21 handitu dira. Gainera, kultur eskaintza ez da eten pandemian zehar; aitzitik, horren aldeko apustua egin da Kultur Labea ekimenarekin (27 ekitaldi online eskaini zituen) edo Bizi Errenteriaren baitan egindako programazio zabalarekin.

3.- Garapen ekonomikoa

Covid-19ak eragin negatibo handia izan du jarduera ekonomikoan, eta ehun ekonomikoa babesteko, Talka-Plan bat garatu du Udalak, 16 neurri eta 3 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa izan dituena.

Bestalde, inoizko ahaleginik handiena egin da iraupen luzeko langabetuak, lan-eskarmenturik gabeak, formazio txikia dutenak… enpleguratzeko garaian aukera gutxien dituzten kolektibo horietako pertsonei lan-mundura sarbidea emateko, 2020 urtean kontratuetan 2 milioi euro baino gehiago inbertituz.

Gainera, Torrekuan kokatuta dauden teknologiaren alorreko proiektuek indartzeko UEUrekin (Udako Euskal Unibertsitatea) hitzarmena egin da Humanitate Digitalen Gunea bertan koka dadin. Torrekua teknologia libreetan oinarritutako proiektuen erreferentziazko polo bihurtzeko urrats garrantzitsua.

4.- Herri seguru eta kohesionatua

Aizpea Otaegi alkateak honako hau adierazi du: “Udalerri segurua eta kohesionatua izatea eskutik doazela sinesten dugu. Horregatik, polizien prebentzio-lana eta esku-hartzea bezain garrantzitsua da bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden kolektiboei laguntzea eta behar duten arreta eskaintzea.

Ildo horretan, pandemiaren hilabete zailenetan Gizarte Zerbitzuetatik erantzun beharreko larrialdiak asko izan direla azaldu du. Gainera, testuinguru horretan, Gaztelutxotik Belabaratzera lekualdatu zen etxerik gabeko pertsonen egoitza, plaza gehiago behar baitziren.

Zentzu horretan, kale-egoeran dauden pertsonentzako plaza-kopurua bikoiztu egin da, egunean zehar ere pertsona horiekin esku-hartzeak egiteko baliabideak gehitu dira eta kaleko hezitzaile gehiago kontratatu dira.

Otaegik esan du polizia-lana ere garrantzitsua dela, eta, ildo horretan, pandemian zehar 13 agente gehiago egon ahal izan direla udaltzaingoan, eta haien presentzia auzo bakoitzaren errealitatearen arabera antolatu dela.
Herria bera diseinatzen, antolatzen, argiztatzen eta espazioak garbitzen ere lan egin da.

5.- Hiriaren antolaketa

Alkateak gogorarazi du Udalaren konpromisoa pertsonen neurrira pentsatutako eta eraikitako hiria dela. Bizigarriagoa eta inklusiboagoa. Konektibitatea bermatu eta giza harremanak erraztuko dituen hiria. Horri dagokionez, hainbat proiektu gauzatu dira jada: Txirrita parkea Erdigunean, bi igogailu Beraunen, haien artean lotuta daudenak, hobekuntza garrantzitsuak Beraungo estadioan, Agustinetan Markolako eskolaren zati bat auzo-ekipamendu gisa egokitzea, auzoa udal-ludoteka batekin eta liburutegiarekin hornituz, eta Gaztañoko frontoia.

Gainera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aurreikusitako epeetan berrikusten ari dira.

6.- Ingurumen-jasangarritasuna

Alor honetan nabarmendu du, udalaren energia-kontsumoa % 25 murriztea lortu dela, hainbat neurri hartu izanari esker. Gainera, pobrezia energetikoari buruzko diagnostiko bat egin da, eta Energiaren Bulegoa sortu da. Hondakin handien jasoketa-zerbitzua ere jarri da martxan.

7.- Gobernantza partekatua

Alkateak adierazi du udal-administrazioak irekia, gertukoa eta gardena behar duela izan. Udalgintzak, berriz, herritarrekin eta herriko eragileekin modu partekatuan sortutakoa. Ildo horretan, HAPOren idazketan herritarren parte-hartzea nabarmendu du, eta bi aholku batzorde berri jarri direla abian: Gizarte Zerbitzu eta Kultura Aniztasunarena eta Merkataritza eta Ostalaritzarena. Gainera, Udalak lehen aldiz antolatu du udako ikastaro bat EHUren Udako Ikastaroekin.

Ekitaldia amaitzeko, bideo bat proiektatu dute, Udalak datozen bi urteetan landuko dituen proiektu nagusietako batzuk biltzen dituena.
Datozen egunetan herriko etxe guztietan banatuko da agintaldirako planaren balantzearen argitalpena, informazio hau zabaltzeko.