Galtzaraborda etorbideko bederatzi atariren irisgarritasuna hobetuko duten obrak lizitatzeko prozesua hasi du Udalak

  • Proiektuak 4 arrapala ditu, 36. zenbakitik 52.era bitarteko atariak irisgarri egingo dituztenak

Errenteriako Udalak, Galtzaraborda etorbideko 36-52 zenbakietako auzotarren erkidegoekin adostu ondoren, atari horietarako irisgarritasuna hobetzeko eskaerari erantzuteko proposamen teknikoa egin du eta lizitazioa abian jarri du.

Esku-hartzearen barruan lau arrapala eta hiri-ingurune hori irisgarriago egingo duen pasabide bat eraikiko dira.

Obra horiek jarraipena ematen diete Galtzarabordako Jaizkibel, Urdaburu eta Miguel Zabaleta kaleetan edo Gaztañoko Altxu kalean egindako antzeko jarduketei; guztiak Irisgarritasun Planean jasota daude.

Obra horiek egitera 150.000 euro bideratuko dira, gutxi gorabehera.