Errenteria Film Laburren Jaialdiak bere XXVI. edizioari ekingo dio datorren astean

Errenteria Film Laburren Jaialdiak azaroaren 25etik 28ra ospatuko du, aurten, bere 26. edizioa. Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Patricia Arozena Kultura teknikariak eta Oz Zinema Elkarteko kide den Jonathan Sedeñok eman dituzte prentsa aurrean xehetasun guztiak.

Guztira 722 lan aurkeztu dituzte jaialdira Festhome plataformaren bidez. Eta horietatik 27 dira lehiaketa fasera iritsi direnak eta jokoan dauden 5 sarietako bat eskuratzeko aukera izango dutenak, beraz.

Hauek, hilaren 25, 26 eta 27an proiektatuko dituzte Niessen Zinemetan, 19:30ean.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, Niessen Kulturguneko auditorioan izango da, igandean, hilak 28, 18:30ean. Irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta baita beste jaialdi batzuetan nabarmendu diren bi lan ere: Leonardo Martinelliren ‘Fantasma Neon’ (Brasil) eta Mikel Gurrearen ‘Heltzear’ (Euskal Herria).

Saritutako lanak hautatzeko epaimahakideak ondorengoak izan dira: Maite Gartzia Kultura zinegotzia, Patricia Arozena Kultura teknikaria, Alex Zubiria kazetaria, Sihara Nuño poeta eta Iban del Campo unibertsitateko irakasle eta zinemagilea.

Proiekzioez eta sari banaketa saioaz gain, Zine ikusleen topaketa ibiltaria ere izango da aste horretan. Asteartean izango da, hilak 23, 19:30ean Niessen Zinemetan. Bertan Luke Lorentzen zinemagilearen ‘Familia de media noche’ filma emango dute eta aurretik, film laburren eta bestelako proposamen zinematografikoen ikusleen inguruko hausnarketa egingo dute solasaldi batean.

Ohikoa denez, proiekzio guztiak doakoak izango dira. Gonbidapenak aldez aurretik hartu ahal izango dituzte interesdunek Lekuona Fabrikan eta sarrerak.errenteria.eus webgunean. Egunean bertan ere, 30 minutu lehenago eskuratu ahalko dira gonbidapenak ekintza izango den aretoan bertan.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdiari emandako babesagatik eta, bide batez, herritar guztiak gonbidatu dituzte egun horietan zinemaz gozatzera. Izan ere, jaialdiaren ikusleek saria izango dute: Niessen zinemetako edozein saiorako sarrera bat (urtarrialren 31a arte) eta OzZinemak urtarrilean emango duen filma ikusteko sarrera bikoitza eskuratuko dute proiekzioen hiru egunetara bertaratzen diren ikusleek.