Musika bandak Errenteriaren 700. urteurrenerako espreski sortutako lana estreinatuko du bihar eskainiko duen kontzertuan

• EMKEren enkarguz David Rivasek konposatutako ‘Herri taupada’ obra, Errenteriaren 700. urtuerrenari eskainia, ezin izan zen iaz estreinatu eta biharko kontzertuan entzun ahal izango da aurrenekoz.

• Kontzertua bihar izango da, ostirala, 20:30ean. Doakoa izango da, aforoa bete arte, eta ez da gonbidapenik jaso behar.

Errenteriako Musika Bandak aurrez aurreko Santa Zeziliaren kontzertua eskainiko du berriz ere, Errenteriako 700. urteurrena omentzeko konposatutako eta iaz estreinatzerik izan ez zen ‘Herri taupada’ obraren estreinaldiarekin. Lana David Rivasek konposatu du eta hiru mugimendu ditu: Torrekua, Añarbe eta Manchester Txikia. Horrela, obrak herriaren historiaren hiru pasarte kontatzen ditu; Erdi Aroa, natura eta industrializazioa.

Horretaz gain, biharko egitarauak L. van Beethoven, C. Saint-Saëns, G. Jacob eta F. Ericksonen lanak ere barne hartzen ditu, eta XIX mendetik XXI mendera eramango ditu entzuleak. Aurkezpenean Alain Ayerdi zuzendariak azaldu zuen egitaraua iazko prestatu zuela eta bere horretan mantendu duela, aldatu gabe, oso egokia delako. Kontzertuan bandarako musikak urteetan zehar izan duen bilakaera ikusi ahal izango dela ere adierazi zuen.

Aizpea Otaegi alkatea pozik agertu zen Santa Zeziliako kontzertua aurrez aurre egin ahal izango delako. “’Herri taupada’ lehen aldiz entzungo dugu, herriarentzat propio sortutakoa. 700arekin lotuta egon arren iaz ez genuen estreinatzeko aukerarik izan”.

Bere aldetik Maite Gartzia Kultur zinegotziak Banda zoriondu zuen egiten duen lanarengatik eta errenteriar zein bisitariak animatu zituen kontzertuan parte hartzera.

Josu Mitxelena EMKEko lehendakariak bi urte jo gabe daramaten espaziora itzultzearen poza nabarmendu zuen. Era berean, azpimarratu zuen une oro gogoan izan dutela kultura ezin zela gelditu.
Azkenik, adierazi zuten kontzertuan Joseba Etxebarria musikaria omenduko dutela, 25 urte bete dituelako Bandan.