2021eko azaroaren 25erako Errenteriako Udalaren erakunde adierazpena Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna dela eta

Berdintasuna 2021-11-25 | 0

Azaroaren 25 honetan Istanbulgo Hitzarmena ekarri nahi dugu gogora, urte luzeetan zehar Mugimendu Feministak egindako Indarkeriaren ikuspegia bildu zuen lehen tresna loteslea. Hitzez hitz esaten du “emakumearen aurkako indarkeriagatik” ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.

Tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

2021 honetan, bereziki bi indarkeria motari erreparatu nahi diegu. Lehena, indarkeria bikarioa da eta emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia mota gisa defini dezakegu, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean.

Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Bigarrena, azken aldian, sare sozialetan eta espazio publikoetan, kide feministak jasaten ari diren erasoen gaia da. Ez da kasualitatea espazio publikoa hartu eta diskurtso eraldatzaileak mahai gaineratzen dituzten emakume feminista hauek jazartzea; hain juxtu, antolatutako gorroto eta indarkeria matxista kanpaina baten ondorioa da. Eremu horretan gertatu diren jazarpen kasu hauek gutxitzera jo izan dugu, baina duten garrantzia eta emakume hauen jarduna eteteko duten asmoa salatzeko garaia da eta berau desagerrarazteko neurriak hartzea dagokigu.

Bi indarkeria mota zehatz hauez gain, pandemiak sortutako egoeran arreta jartzen jarraitu behar dugu; beren etxeetan, lanetan eta bizi-espazioetan bizirik irauteagatik indarkeriari aurre egiten ari diren emakume eta neskengan. Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute. Testuinguru horretan, isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraitu behar dugu.

Erakundeok konpromiso politiko argia behar dugu, gizarteak eskatzen baitigu emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politiko bihur dezagula. Behar-beharrezko baldintza da, gainera, gure herriak bizikidetza seguru, solidario eta berdinzalerako gune gisa indartu daitezen.

Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udalak:

• 2022ko berdintasun-aurrekontua handitzeko konpromisoa hartzen du.

• Errenteriako III. Berdintasun planean “indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” ardatzean onartutako ekintza plana garatzeko konpromisoa hartzen du, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.

• Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzeko konpromisoa hartzen du, ikuspegi feminista duen sektore arteko abordatze integral eta holistikotik.

• Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du; ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako erreferentziazko gune izaten jarrai dezan.

• Udaleko langileen prestakuntza feministaren sustapenarekin jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz .

• Indarkeria gaietan eskumenak dituzten erakunde ezberdinen arteko lankidetza sustatzeko konpromisoa hartzen du, lehentasunez instituzio-arteko protokoloa sinatzeko saiakerekin jarraituz.

• Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen du.

• Mugimendu feministak azaroaren 25ean bertan deitutako mobilizazioekin bat egin eta parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei.

No comments yet.

Utzi erantzuna