Giza Eskubideen VII. Jardunaldiak hilabete honetan izango dira ‘Eskuz esku eraikitzen da bidea’ izenburupean

Jardunaldien aurkezpenean parte hartu dute Koldo Mitxelena ikastetxeak, Ozzinemak, Amnistia Internacionalek, Salvamento Maritimok eta Udaleko ordezkariek.

1948an Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Bertan, pertsona guztientzat giza eskubide unibertsalak aldarrikatu zituen dokumentua sortu eta adostu zen. Aldarrikapen hori munduko herrialde guztietan zuzena eta bidegabea bereizteko erreferentziazko irizpide baten bihurtu zen.

Hala ere, hainbat gertaera historikoren ondorioz, eskubide horiek arriskuan edo zalantzan jarriak izan dira momentu batzuetan, eta horregatik, bilakaera ez da beti lineala izan. Momentu honetan, hain zuzen ere, Covid-19aren eraginez bizitzen ari garen mundu mailako krisiak bultzaturik, berriz ere, indarra hartzen ari dira beldurrean oinarritu, eta bere bidez elikatzen diren desberdinenganako gorroto eta bazterkeria ardatz duten diskurtsoak. Halaber, migratzaileak mehatxu gisa erakusten ari dira, eta bestalde, instituzioen aldetik ere, kolokan jartzen ari dira unibertsaltasunean oinarriturik martxan jarri izan diren oinarrizko hainbat zerbitzu publiko ere.

Hori guztiagatik, Errenteriako Udalak antolaturiko Giza Eskubideen jardunaldien VII. Edizioan beharrezkoa ikusi da aldarrikapen hori osatzen duten artikulu guztien artean, batez ere, bizitzarako, segurtasunerako, mugikortasun askerako eta ongizaterako eskubideei erreferentzia egiten dioten 3., 13., eta 25. artikuluetan fokua jartzea.

Alde batetik, Maite Rosendek egindako hiru ilustrazio egongo dira ikusgai herriko autobus geltokietako markesinetan gaurtik aurrera Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bera, zein bertan jasotzen diren eskubideak, eta bereziki, 3., 13., eta 25. artikuluetan jasotakoak herritarrei ezagutzera emateko helburuarekin.

Bestalde, herriko nerabeak sentsibilizatuko dira 13. artikuluan aitortutako eskubidearen mundu mailako urraketaz, pertsona guztiek askatasunez mugitzeko, edozein herrialdetatik irteteko eta bertara itzultzeko duten eskubideaz; eskubide horiek urratu egiten dira migrazio-fluxuetan eta gaur egun migratzen duten pertsonen bizi-baldintzetan. Horretarako, ekintza humanitarioetan lanean diharduten hainbat elkartek eta GGKEk (Zaporeak, Irungo eta Donostiako Harrera Sarea, Itsas Salbamendua eta ACNUR) beren lana ezagutzera emango dute herriko DBHko 4. mailako geletan.

Horretaz gain, beste jarduera batzuk ere izango dira jardunaldien programaren barruan, herritar guztientzat irekiak.

Egitaraua

Abenduaren 8an, Azkona & Toloza eta Dejabu konpainiek ‘Kontinenteak’ antzerki ikastaro trinkoa eskainiko dute Niesseneko (2. solairua) entsegu-aretoan, 16:00etan. Ikastaroaren ardatza galdera hauei erantzutea izango da: “Nola begiratzen diogu besteari?” “Zenbateraino dago gure begirada baldintzatuta?”. Aldez aurretik izena eman beharko da info@dejabu.eus helbidean edo hemen.

Azkona & Toloza konpainiaren eskutik, ‘Pacífico’ trilogiako bi lan ere taularatuko dira, Hego Amerikan ematen diren kolonialismo forma berrietatik abiatuta:
‘Extraños mares arden’ antzezlana abenduaren 10ean izango da, 19:00etan, Niessen Kulturgunean (sarrera* 3 €). Hau Atacamako basamortu idorrean kokatzen da eta bertan Guggenheim familiak arte garaikidearen industria ahalguztidunaren oinarriak nola ezarri zituen kontatzen du. Ondoren ‘atarian’ egingo da.

‘Tierras del Sud’ antzerki ibiltaria izango da abenduaren 11n, larunbata, eguerdiko 12:00etan. Honek Argentinako Patagoniaren eta ehungintzaren arteko lotura islatuko du.

‘Welcome to Chechnya’ (Ozzinema) dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia herriko LGBTIQ mahaiaren eskutik, abenduaren 13an izango da, 19:00etan, Niessen zinemetan (sarrerarekin*). Errusiako errepublikan nagusi den LGBTIQen aurkako mugimendu errepresiboari aurre egiteko euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten aktibista talde baten urratsak jarraitzen ditu dokumentalak.

‘No es país para negras’ antzezlana abenduaren 14an, asteartea, izango da, 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Obra honetan Silvia Albert Sopale aktoreak emakume beltza izatea eta hemen bizitzea zer den islatzen du. (Carolina Torres Topagaren zuzendaritzapean). Ondoren ‘atarian’ egingo da.

Bazterketa egoeran dauden pertsonei buruzko film laburren proiekzioa abenduaren 15ean izango da, 12:00etan, Niessen Kulturgunean. Hain zuzen ere, Emaus Gizarte Fundazioak eta Koldo Mitxelena Institutuko gazte talde batek etxerik gabeko pertsonen egoerari buruzko sentsibilizazio prozesu batean parte hartu ondoren beren istorioetan oinarrituta egin dituzten film laburrak aurkeztuko dituzte.

‘Migrazioak eta klima-aldaketa’ hitzaldia abenduaren 16an, osteguna, izango da, 18:00etan, Reina Aretoan, Miguel Pajaresen eskutik.

Jardunaldietan edukiarekin eta interes handiz parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie Udalak.

* Sarrerak hemen egongo dira eskuragarri:

• Online: https://sarrerak.errenteria.eus/

• Lekuona Fabrikan

• Ikuskizuna baino ordubete lehenago, Niessen Kulturguneko leihatilan

Jardunaldien inguruko informazio guztia hemen ikus daiteke.