Euskararen Nazioarteko Egunaren udal adierazpena zabaldu du udalbatzak

 

Euskaren Nazioarteko Egunaren harira, Errenteriako Udalak herriko zenbait eragilerekin lankidetzan egitarau bateratua antolatu du, aurten ere. Gaur goizean, abenduaren 2, 10:00etan hasita, Eider Rodriguez idazle errenteriarraren ‘Bihotz handiegia’ eleberriaren irakurketa jarraia izan da Lekuona Fabrikan. Bertan parte hartu dute Udal Euskaltegiko eta AEK euskaltegiko irakasle eta ikasleek, udal langileek eta baita ordezkari politikoek ere. Guztira 45 lagun izan dira Rodriguezen hitzei ahotsa jarri dietenak; eleberriak jasotzen dituen sei ipuinetatik lau irakurri dituzte denen artean.

Irakurketa amaitutakoan, efemeridearen markoan udalbatzako kideek udal adierazpena zabaldu dute:

Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri

Gurekin batera egin dio euskarak pandemiari aurre, eta gurekin irten behar du garaile pandemia ostean. Gure eta geure gizartearen zaurgarritasunaren jakitun egin gaituen egoera larriaren ondoren, harreman eta komunikazio molde, ohitura eta bide berriak sortzen ari dira, eta are berriagoak eta harrigarriagoak sortuko dira aurrerantzean.

Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea.

Zentzu horretan, euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa izango da instituziook egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz.

Izan ere, alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena.

Aukera paregabea dugu normaltasun berri baterako bidearen hastapen honetan berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera-eremu berrietarako euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko.

Bide horretan, Errenteriako Udalak:

  • Euskararen ikaskuntza unibertsalizatzeko dirulaguntza-eskaintzan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, egoera sozioekonomikoa eta jatorria ez daitezen euskara ikasteko oztopo izan.
  • Errenteriako euskararen plan estrategiko berria 2022an onartzeko konpromisoa hartzen du.
  • Herriko hizkuntza komunitate ezberdinen errealitatean oinarrituta, bizikidetza linguistikoa garatuko duen lan-ildo bat abiatzeko konpromisao hartzen du.
  • Herrira etorri berriak diren ikasleei euskara errefortzurako eskolak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, ikastetxeekin lankidetzan.
  • Badalab hizkuntza berrikuntzarako laborategiko kide izanik, bere jarduna sustatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko, dirulaguntza zuzenak hitzartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
  • Euskalgintzaren ekimen sozialarekin elkarlanean jarduten jarraitzeko kompromisoa hartzen du.