Markolako eskola, auzoari begira

Agustinak auzoan kokatuta dagoen Markola eraikinak erabilera anitzak izan ditu urte luzez. Egun, Koldo Mitxelena ikastetxeak haur eta lehen hezkuntzako lerro bat du bertan eta auzoko haurrak dira, batik bat, eraikin erdiari zein kanpo espazioari bizitza ematen diotenak.

Auzoan erabat txertatuta dagoen eraikina izaki, inbertsioa egin eta auzoarentzat erabilgarri izan zitezkeen zenbait ekipamendu bertan sortzea erabaki zuen Udalak pasa den legegintzaldian.

Proiektu hura dagoeneko errealitate bihurtu da eta 2021/2022 ikasturteko lehen hiruhileko honetan gauzatu da.

Eskolako sarreraren lekualdatzea

Markola kaletik izan du sarrera ofiziala eskolak pasa den ikasturtera arte. Aldaketaren ondoren, Elias Salaberria kaletik du sarrera egun. Irisgarriagoa eta egokiagoa da egungo egituraketa eskola komunitate osoarentzat, baina baita auzotarrentzat ere, eskolak auzoari bizkar emateari utzi baitio horrela, hastapeneko sarrera naturala berreskuratuz.

Sarreraren lekualdatzeak berarekin ekarri ditu eskolako atarian egokitzapenak, atezainarentzat bulego berria sortu izana, tarteko. Baita estalpe txiki bat ere, haurren jolas-eremua elikatu duena.

Ludoteka martxan

Sarreraren aldamenean aprobetxamendurik gabe urteak zeramatzan espazioa birgaitu du Udalak, bertan ludoteka berria sortuz. Ludoteka honek erantzuna eman dio Agustinak auzoko ludoteka zaharraren gabeziei, azken urteotan erabiltzaileen igoera eman den honetan.

Eta hezkuntza ez formaleko ekipamenduak ikastetxeekin bizikidetzan aritzeko hautuan berretsi du Udala, pasa den legegintzaldian Kaputxinoak auzoko ludotekarekin irekitako bidea jarraituz. Kasu honetan, Cristobal Gamon ikastetxea izan zen ekipamendu berri honen kokaleku.

Auzo ekipamendu berria

Ludotekaz gain, bigarren espazio bat birgaitu da azpi-solairu berean, auzoko eta orohar herriko eragileentzat erabilgarri izango dena. Egun, guraso elkarteak erabiltzen du goiz txokoa antolatzeko eta Lekuona Fabrikaren irekieraren ondorioz liburutegi zaharraren lekualdatzea eman zen garaian, ikasketetarako espazio gisara egokitu zen bi astez. Hemendik aurrera erabilera anitza izateko gaitasuna izango du espazioak.

Kasu honetan ere, ikastetxeak herriari irekitzeko bidean apustu egiten jarraitu du Udalak, Beraun auzoko Bizarain ikastetxeko auzo-liburutegi proiektuarekin urratutako bideari segida emanaz.